Gizartea -
Uztailaren 27rako iragarpena
Horrela egongo da zerua ilargi eklipsean
Zenbat eta hegoalderago orduan eta hobeto ikusi ahalko dugu fenomeno astronomikoa, hodeitza saretuago egongo baita.
EITB.EUS
Zerura begira egongo dira asko eta asko ostiral honetan, batez ere 20:25etik aurrera. Izan ere, XXI. mendeko ilargi eklipse luzeena izango da uztailaren 27an.
Fenomeno astronomikoa gozatu ahal izateko hirietatik eta kutsaduratik urruntzea da gomendagarriena, baina hala eginda ere, eguraldia lagun izatea ere komeni da. Hain justu, ostiral gauerako iragarrita dagoen eguraldiari buruz galdetu diogu EiTBko meteorologia zerbitzuari. Nabarmendu dutenez, gero eta hegoalderago kokatu, gero eta hobeto ikusi ahalko dugu ilargi eklipsea.
Iragarpenaren arabera, zerua hodeitsu egongo da isurialde atlantikoan, eta Bizkaian eta Gipuzkoan ez da baztertzen tantaren bat jaustea. Hodeiak gorabehera, ilargi betearen ikusgarritasunari esker, fenomenoa tarteren baten ikusteko aukera izango dugu. Donostian daudenentzat, Urgull mendian teleskopioak jarriko dituzte Aranzadik eta Udalak.
Araban eta Nafarroan, batez ere hegoaldean (Arabako Errioxan edota Erriberan, kasu), ostarteak zabalduko dira eta errazagoa izango da eklipsea begiztatzea.