Gizartea -
Nafarroa
Alarguntza-pentsioa onartu diote genero indarkeriaren biktima izan den emakume bati
NJANak baieztatu egin du emakumearen eskubidea pentsioa jasotzeko. Gizarte Segurantzak ukatu zion, dibortzioaren eta senar ohiaren heriotzaren artean 10 urte baino gehiago igaro zirela argudiatuta.
eitb.eus
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko (NJAN) Arlo Sozialaren Aretoak baieztatu egin du dibortziatu zenean genero indarkeriaren biktima zen emakume batek 692,76 euroko alarguntza pentsioa jasotzeko eskubidea.
NJANek hedabideei igorritako ohar baten bidez zabaldu duenez, bikotea 1978an ezkondu zen Donostian, eta 1998 dibortziatu. Harremanak iraun zuen bitartean, Iruñeko Arlo Sozialaren 4 zenbakiko Epaitegiak probatutzat jo zuten lehen auzialdian emakumeak irainak eta mespretxua jasotzen zituela gizonaren aldetik; "ez duzu ezer balio", "inozoa", "puta" esaten zion, besteak beste.
Era berean, epaiaren arabera, zenbaitetan bultzatu ere egin zuen. Eta hori guztia familiaren aurrean gertatu ohi zen. Horrela, emakumea "izututa" zegoen eta "hutsaren hurrengoa sentiarazi" zuen gizonak.
Dibortzioaren epaian, bien arteko akordio bati esker 2000. urtean emandakoan, senarrari semearen zaintza onartu zioten, eta etxea erabiltzeko eskubidea eman zioten, ezkondu aurretik erosi baitzuen etxea.
Epaian, emakumeak uko egin zion pentsio konpentsatzaileari eta, bestalde, senarrak ordaindu egin zion zor zion dirua, 3.005,05 bat euro. Elkarbizitzak iraun zuen bitartean, emakumeak hiru hilabete eskas egin zuen lan.
Senar ohia 2016ko abenduan hil zen, eta emakume ohiak alarguntza-pentsioa eskatu zuen orduan, iazko martxoan, baina Gizarte Segurantzak ukatu egin zion, dibortziatu zirenetik 10 urte baino gehiago igaro zirelako, senar ohia hil arte.
Orduan, emakumeak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aplikatzea eskatu zuen, genero indarkeriaren aurka Babes Integraleko 2004ko Lege Organikoa dela eta.
NJANen iritzian, "agerikoa da genero indarkeria" pairatzen ari zela "banatze eta dibortzioaren unean", hori dela eta, "eskatutako alarguntza-pentsioa jasotzeko beharrezko eskakizun legalak eta juridiko guztiak" beteta daude.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.