Gizartea -

Mediterraneoan

Libiak 'abandonatutako' emakumea eta gorpuak Espainiara eramateko baimena eskatu dute

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak uste du Italia eta Libia ez direla herrialde seguruak, eta hala, Espainiari eskatu dio lehorreratzeko baimena. Libiak Open Armsen bertsioa ukatu du.

Besteak beste, emakume baten gorpua topatu zuen Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak. ETB
Mediterraneoan 'abandonatutako' gorpuak. Argazkia: ETB
Josefa kamerundarra Espainiaratzea eskatu du

1:26

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak atzo Mediterraneoko uretan Libiako kostazainek "abandonatuta" topatutako emakumea eta hilotzak Espainian lehorreratzeko baimena eskatu dio Sanchezen Gobernuari. Erakundearen arabera, Italia eta Libia ez dira herrialde seguruak, eta hala, laguntza eskatu dio Espainiako agintariei.

Oscar Camps Open Armseko sortzaileak azaldu duenez, Italiak emakumea lehorreratzeko baimena eman die bart, Siziliako Cataniako portuan. Gorpuak eramateko baimenik ez dutela jakinarazi die, dena dela.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak gobernuz kanpoko erakundearen bertsioa "faltsua" zela esan zuen atzo, eta adierazpenak entzunda, Italia "emakumea artatzeko portu segurua" ez dela uste du Open Armsek.

"Italia ez da portu segurua, ez guretzat, ezta erreskatatu dugun pertsonarentzat ere. Emakumea jasan ditzakeen presioengatik babestu behar dugu. Espainiara eramango dugu, babeslekua ematea da kontua", erantsi du Campsek.

Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Libiak eta Italiak egin dutena "delitu da, legez kanpokoa".

Libiak Open Armsen bertsioa gezurtatu du

Bestalde, Ayub Qacem Libiako Itsas Indarren bozeramaileak gezurtatu egin du gobernuz kanpoko erakundeak leporatutakoak. Qacemen hitzetan, itsas salbamenduko kideek "profesionaltasunez" jokatu zuten eta 119 gizon, 34 emakume eta 12 ume erreskatatu zituzten hainbat ordu iraun zuen operazio batean. Haurtxo baten gorpua ere aurkitu ei zuten.

Ofizial horren arabera, migratzailea jitoan egon ziren 60 orduz, jan-edanik gabe. Tarte horretan, batzuek erredurak izan zituzten eta erreskatatu ostean, Tripoliko itsas basera eraman zituzten artatzera. Ondoren, legez kanpoko immigrazio zerbitzuaren esku utzi zituzten.

"Gure erlijioarengatik eta etikarengatik, ez dugu gizakirik uzten itsasoan. Gertatzen ari den guztia trafikatzaileen eta arduragabe hutsak diren erakundeen errua da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Migrazioa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia Giza eskubideak gaur Gobernuz Kanpoko Erakundeak Itotzeak Mediterraneo itsasoa gaur Libia gaur