Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Nafarroako Auzitegiak atzera bota ditu 'La Manada' aske uztearen aurkako helegiteak
Aretoak adierazi duenez, erabakia 'irmoa' da eta, beraz, ezin zaio errekurtsorik jarri. Guardia Zibilaren egoeraren harira, aparteko ebazpen bat emango du epaimahaiak.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
'La Manada' auzian, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak atzera bota ditu zigortutako bost gazte sevillarrak behin-behinean aske utzi izanaren aurka Ministerio Fiskalak, akusazio partikularrak eta herri akusazioak (kasu honetan Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udala) aurkeztutako helegiteak.
Aretoak ebazpen honen bidez adierazi duenez, ekainaren 21eko autoan jakinarazitako erabakia "irmoa" da eta, beraz, ezin zaio errekurtsorik jarri.
Ez da aho batez hartutako erabakia izan. Aretoko buruak boto partikularra eman du, eta bere "desadostasuna" agertu du behin-behineko espetxealdia saihesteko fidantza bat onartu izanarekin. Are gehiago, zigorraren erdia bete arte behin-behineko espetxealdia luzatzearen alde azaldu da.
Nafarroako Auzitegiak 'La Manada' taldeko bost gazteak behin-behinean aske utzi zituen, 6.000 euroko bermepean. 2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten. Epaia irmoa izan artean, baina, baldintzapean libre egongo dira bostak.
Epaimahaiak kautelazko hainbat neurri ezarri zizkien bost gazteei: astean hiru egunetan gertuen duten epaitegian aurkeztu beharko dute; Madrilgo Erkidegoan sartzea debekatuta izango dute, han bizi baita biktima, eta harekin harremanetan jartzea ere galarazita izango dute; pasaportea kenduko diete eta ezin izango dute epaileen baimenik gabe Espainiatik atera.
Aske gelditu eta gutxira pasaportea egiten ahalegindu zen Antonio Manuel Guerrero guardia zibilaren inguruan, ordea, ez dago oraingoz erabakirik. Epaimahaiak aurrerago hartuko du erabakia, aparteko ebazpen batean.
Gaur ezagutu den autoak erreakzio soka luzea eragin du.
Nafarroako Gobernua ez dago ados 'La Manada'ko kideak behin-behinean aske mantentzearekin. Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariak azaldu duenez, Gobernuaren aholkularitza juridikoa autoa aztertzen ari da. "Helegitea jartzeko aukerarik baldin badago, jarri egingo dugu", azpimarratu du.
Agustin Martinez Becerra bost zigortuetako lauren abokatua, ostera, pozik agertu da. Ez hori bakarrik, Ministerio Publikoaren eta akusazioen argumentuen kontrako "kolpea" dela uste du. Abokatuaren hitzetan, Jose Angel Prenda, Angel Boza, Alfonso Jesus Cabezuelo eta Jesus Escudero bere bezeroak "pozik" daude eta kautelazko neurriak eta betebeharrak "erantzukizunez" betetzen ari dira.
Antonio Manuel Guerrero guardia zibilaren abokatua ere erabat pozik azaldu da. Bestalde, ez du adierazpenik egin nahi izan guardia zibilaren kontra jarritako salaketaren inguruan. Izan ere, debekatuta izanagatik, pasaportea berritzeko eskaria egin zuen, eta kautelazko neurriak urratu zituen ebatzi beharko du epaimahaiak.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.