Gizartea -
Nafarroa
2018ko sanferminak 'bikainak' izan direla esan du Joseba Asironek
Iruñeko alkatearen iritziz, kalean "giro lasaia" izan da nagusi, eta ez da aparteko jazoera larririk gertatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2018ko sanferminak agurtzeko ordu batzuk baino geratzen direla, "bikaintzat" jo ditu Joseba Asiron Iruñeko alkateak, horren esanetan, batetik kalean giro paregabea izan delako eta bestetik, ez delako gertaera larririk jazo.
Asiron eta Udalbatza osoa, Aranzadi eta I-E salbu, San Lorentzoko elizan izan dira, San Ferminen Zortziurrenaren harira, eta han dantzariak, erraldoiak, buruhandiak, eta La Pamplonesa izan dituzte lagun. Elizkizun horrek sanferminetako jaia amaitzera doala markatzen du.
Asironek behin-behineko balantzea egin du eta, azpimarratu duenez, "sanferminetako jai bikainak izan dira, kalean giro lasaia izan dugu, oso sanfermineroa, edozein herritan izan daitezkeen gauza txikiekin".
Sanferminetako entzierroei dagokienez, Asironek esan du, zauritu kopuruari eta larritasunari erreparatuta, "aurreko urteekin alderatuta, oso datu onak izan dira".
Gau-giroari buruz Iruñeko alkateak azaldu du ez direla jazoera larriengatik salaketarik izan, baina bai "ohiko sexu-ukituengatik", hori dela eta, gaineratu du Udala pozik izango dela "salaketa bat ere ez dagoenean".
Jende-kopuruari dagokionez, ordea, Asironek adierazi du "oso ona" izan dela, hotelak "% 100ean beteta" egon direla, batez ere hasieran asteburu bat eta amaieran beste asteburu bat izan dutelako. Aste barruko egunetan, berriz, bisitari-kopuruak behera egin du. "Ostalariek esan dutenez, eguneko giroak gora egin du, eta horrek asko pozten gaitu", amaitu du.