Gizartea -

Indarkeria matxista

EraStop, sanferminetan eraso sexistak berehala salatzeko aplikazioa

Emakumeek erasoa jasaten ari direla salatu ahalko dute, baita horren lekukoek ere. Etxera heltzeko laguntza birtuala ere eskatu ahalko da. App-ak biktima geolokalizatu eta baliabideak bideratuko ditu.

Iruñeko Udaltzaingoak app-a iragartzeko egin duen bideotik hartutako irudia.
EraStop. Argazkia: Iruñeko Udaltzaingoa
Iruñeko Udaltzaingoak app-a iragartzeko egin duen bideotik hartutako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak EraStop sakelakoetarako aplikazioa (app-a) sortu du sanferminetan suerta daitezkeen sexu erasoak berehala salatzeko, botoi bat bakarrik sakatuta. Alerta sistema horrek biktimaren kokalekua atzeman eta Iruñeko Udaltzaingoa ohartaraziko du, poliziak baliabideak bidera ditzan.

Itziar Gomez Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotziak aurkeztu du app-a, Xabier Ibañez arloko zuzendaria eta Mikel Goñi MRSystem aplikazioa garatu duen enpresako gerentea ondoan zituela.

Gomezen hitzetan, erreminta "erraza" da, eta Iruñeko Udaltzaingoarekin harremanetan jartzea ahalbideratzen du, deirik egin gabe. "Urduritasun egoera batean ezin duzu azaldu non zauden, norekin edo zer ari da gertatzen. Berehalakoa da, botoia sakatu eta biktima geolokalizatzen du eta baliabideak bideratzen ditu".

Jaietarako prestatu badute ere, aplikazioa urte guztian egongo da erabilgarri. Hiru botoi ditu: 'Erasoa jasaten ari naiz', 'Erasoa salatu' eta 'Lagundu nazazu modua'. Lehenengoa sakatuta, Udaltzaingoari berehalako abisua helduko zaio, biktima geolokalizatu eta gertuen dauden agenteak bidaliko dituzte leku horretara.

'Erasoa salatu' sakatuta, edozein eraso matxista salatu ahalko dute horren lekuko izan direnek; kasu honetan ere Udaltzaingoarekin hartu-eman zuzena izango dute salatzaileek. Azken aukerak, 'Lagundu nazazu modua'k, telefonoaren agendan daudenen artean pertsona bat edo batzuk aukeratzeko modua ematen du, etxerainoko bidean "birtualki laguntzeko".

Geolokalizazioaren bitartez, emakumea dagoen tokian kokatzen du eta, horrela, etxera ondo heldu den egiaztatu ahalko du bere "laguntzaileak". Edozein gorabehera atzemanez gero,  laguntzailea edo emakumea Udaltzaingoarekin harremanetan jarri ahalko da.

 

@pamplonairunaPM quiere estar más cerca de titienes una aplicación que te ayudará a sentirte más segura“AgreStop/EraStop”Sólo tienes que descargártelaOjala que nunca tengas que usarla porque #NoesNo pic.twitter.com/8XdmutXEsF

— Policia Municipal Udaltzaingoa 092 (@PamplonaIrunaPM) 4 de julio de 2018

 

Erasoa salatuz gero, abisua indargabetzeko aukera izango du emakumeak, aplikazioa instalatzeko orduan eskatutako PIN kodea sartuz. Izan ere, erasoa jasaten ari dela salatuz gero, erabiltzailearen sakelakoa blokeatuta geratuko da, eta erasotzaileak ezingo du abisua bertan behera utzi (emakumeak bakarrik kendu ahal izango du, PIN zenbakia sartuta).

Beste herri/hiri batzuetara zabaltzeko aukera

Zinegotziak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin die herritarrei, botoiak sakatuz gero Udaltzaingoa martxan jartzen delako.

Argitu duenez, asmoa da aplikazio hori beste hiri/herri batzuetan ere erabilgarri izatea.

Kazetarien galderei erantzunez, Gomezek azaldu du berez eraso matxistak salatzeko prestatuta dagoela aplikazioa, baina "mota guztietako" erasoak jakinarazi ahal direla.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Sanferminak Telefonia mugikorra albisteak Salaketak berriak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Iruñeko Udala Eraso sexualak gaur Mugikorretarako aplikazioak