Gizartea -

migrazioa

Iritsi da Bartzelonara 'Open Arms' ontzia, 60 etorkinekin

Espainiako Gobernuak, Generalitateak, Bartzelonako Udalak eta Gurutze Gorriak elkarlanean antolatutako talde batek eskainiko die laguntza portuan bertan etorkinei.

'Open Arms' ontzia, Bartzelonako portura iristen.
'Open Arms' ontzia, Bartzelonako portura iristen.
60 etorkin daramatzan 'Open Arms' ontzia Bartzelonara iritsi da

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Open Arms' ontzia 10:30ak aldera iritsi da Bartzelonako portura, Proactiva gobernuz kanpoko erakundearen eskutik. 14 herrialdetako 60 etorkin daramatza ontziak, eta lau egun eman ditu Mediterraneo itsasoan. Beste hiru ontzik lagunduta sartu da portuan.

Laura Lanuza  Proactiva erakundeko bozeramaileak esan duenez, etorkin guztiak "osasun egoera onean daude", baina "oso nekatuta eta urduri".

Ekainaren 30ean erreskatatu zituzten 60 migratzaileak Libiako kostatik gertu, ontzi puzgarri batean zihoazela. Italiara iristea zen euren asmoa, eta bidean aurkitu zituen, baldintza oso eskasetan, salbamendu talde batek; laguntza eskaini, eta guztiak 'Open Arms' ontzira eraman zituzten.

50 gizon, bost emakume eta beste bost adin txikiko erreskatatu zituzten guztira. Bartzelonako portura iritsi orduko, Gurutze Gorriko talde batek egingo die harrera. Espainiako Gobernuak, Generalitateak, Bartzelonako Udalak eta Gurutze Gorriak elkarlanean antolatu dute laguntza dispositiboa.

Ezarritako protokoloaren arabera, mediku azterketa egingo zaie lehendabizi, eta laguntza psikologikoa eta soziala jasoko dute ondoren.

Italiak eta Maltak gobernuz kanpoko ontziak hartzeari uko egin ondoren, 'Open Arms' ontziko arduradunek Bartzelonan sartzeko baimena eskatu zieten Espainiako Gobernuari, Ada Colau hiriko alkateak horretarako borondatea agertu eta gero. Pedro Sanchezen Gobernuak baiezko erantzuna eman zuen berehala, eta ontziak Kataluniarako bidea hartu zuen duela lau egun.

Behin behineko baimena

Gaur iritsi diren migratzaile guztiei Espainiako Estatuan geratzeko 45 eguneko behin behineko baimena emango zaie, legeak halako egoeratarako aurreikusten duen  bezala. 'Aquarius' ontzian Valentziara heldu ziren etorkinek ere jaso zuten baimen hori.

Modu horretan, migratzaileak ez dituzte eramango atzerritarrentzako zentro itxietara, eta asilo eskaria egiteko edo Europako beste herrialde batera joateko tramiteak hasiko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Europa Bartzelona argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa