Gizartea -
IRAGARPENA
Alerta laranja arratsalderako, prezipitazio handiengatik
Aurreikuspenen arabera, litekeena da zenbait tokitan metro koadroko 30 litro pilatzea. Zaparrada handiez gain, kazkabarra ere egingo omen du.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du gaur arratsalderako, 13:00etatik 21:00etara, prezipitazio handiak izatea espero baitute. Izan ere, litekeena da zenbait tokitan metro koadroko 30 litro pilatzea.
Nafarroa ere alerta laranjan egongo da 14:00etatik 23:00etara bitartean, prezipitazio handiak eta ekaitzak izateko arriskuagatik. Aurreikuspenen arabera, ordubetean metro koadroko 30 litrotik gora botako ditu. Aemeten esanetan, euri gutxiago egingo du Nafarroa hegoaldean.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak abisu horia jarriko du ostegun honetan indarrean 00:00etatik 09:00etara bitartean, prezipitazio handiengatik. Ipar isurialdean, kostaldean bereziki, 15 l/m2-tik gora batuko dituzte ordubetean.
Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak ere izan daitezke.