Gizartea -

EUSKO JAURLARITZA

Jaurlaritzak Onkologia Plana aurkeztu du, arreta pertsonalizatuan azpimarra eginez

Osasun Sailak gidatutako 2018-2023 Euskadiko Onkologia Planak minbizia dutenen biziraupena hobetzea du helburu.

Euskadiko Onkologia planaren aurkezpenean ETBk hartutako irudiak.
Euskadiko Onkologia planaren aurkezpenean ETBk hartutako irudiak.
Jaurlaritzak minbiziari aurre egiteko 5 urteko plana aurkeztu du

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2018-2023 Euskadiko Onkologia Plana aurkeztu du, minbizia duten gaixoen biziraupena hobetzea helburu. Egitasmo berriak arreta onkologikoari lotutako jarduera eremuak definituko ditu eta, besteak beste, tratamendu pertsonalizatuan eta gaixotasuna diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna berrietan jarriko du arreta. Azken horri begira, Euskadiko enpresa teknologikoak inplikatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztu du gaur goizean plan berria Donostian, bere saileko beste kide batzuekin eta plan hori prestatzen parte hartu duten pertsonekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. Darponek azaldu duenez, Osasun Sailak prestatutako dokumentua bada ere, onkologiako gaixoen eta horien senitartekoen arretan inplikatuta dauden adituen eta osasun profesionalen aholkularitza izan du.

Osasun sailburuaren hitzetan, Onkologia Planak laguntza-eredua planteatzen du, diziplina anitzeko ikuspegia izango duena eta gaixoaren arreta pertsonalizatua sustatuko duena. Nabarmendu duenez, diagnostikorako denborak murriztearen eta interbentzio konplexuenak erreferentziazko unitateetan kontzentratzearen aldeko apustua egingo du.

Halaber, Onkologia Planak pertsonalizatutako doitasunezko medikuntza garatzea (PDM) ere azpimarratzen du, gaixoari bere ezaugarrien eta tumorearen araberako arreta pertsonalizatua ematea ahalbidetuko duena. Horretarako, historia kliniko elektronikoan prozesu onkologikoaren informazio guztia jasoko duen sistema informatikoaren laguntza izango dute osasun langileek.

Gainera, berrikuntza estrategian sakontzea ere aurreikusten du plan berriak. Ildo horretan, Euskadiko enpresa teknologikoak inplikatu nahi ditu minbizia diagnostikatu eta tratatzeko tresna berriak garatzeko. Halaber, osasuna eta prebentzioa sustatzeko sektoreen arteko estrategien aldeko etengabeko apustua egingo du Jaurlaritzak.

Darponen esanetan, plan berriak pertsona erdigunean jarriko du, bai prebentzio arloan, baita laguntza ereduan ere, eta, Darponen iritziz, pertsonen premia fisiko eta emozionalei erantzungo die. "Prozesu onkologikoa humanizatzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu", esan du Osasun sailburuak.

PLAN ONCOLOGICO EUSKADI EITB

PLAN ONCOLOGICO EUSKADI EITB

Bestalde, minbizia gainditu dutenen pertsona kopurua "nabarmen" hazi da: 2012an % 52,2koa zen biziraupen-tasa gizonetan eta % 59,9koa emakumeetan. Bi kasuetan, tasa horiek Estatukoen eta Europakoen gainetik daude.

Prebentzioari dagokionez, abian diren ekimenei eustea eta, horretarako, tokian tokiko ekintza komunitarioa sustatu eta sendotzea aurreikusten du 2018-2023 Euskadiko Onkologia Plan berriak.

Minbizia garaiz antzemateko programa

Bestalde, Osasun Sailak gaur egun minbizia garaiz detektatzeko dauden programei eutsiko die, bularreko eta kolonekoak, kasu. Horrez gain, ekainetik Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketa Programa pilotua dago martxan, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta. Esperientzia Debabarrenan dago martxan jada, Arabara iritsiko da 2018aren amaieran eta Euskadi osora zabalduko da 2019tik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak Minbizia albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Osasun albisteak