Gizartea -
Iruñea
'Indarkeriarik gabeko sanferminak' aldarrikatu ditu PACMA animalien aldeko alderdiak
Hainbat alderdikidek elkarretaratzea egin dute igandean Iruñean, entzierroaren omenez egindako monumentuaren aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PACMA Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdiko 100 bat kidek elkarretaratzea egin dute igandean Iruñean, entzierroaren omenez egindako monumentuaren aurrean, "indarkeriarik gabeko sanferminak" aldarrikatzeko.
"Gure jaietan ez dago lekurik animaliei nahiz emakumeei tratu txarrak ematen dizkietenentzat", esan du Laura Duarte PACMAko bozeramaileak. "Elkarbizitzan, errespetuan eta tolerantzian oinarritutako" jaien alde egin du, "biolentoak alde batera utzita", eta zapi beltza erakutsi dute, aurtengo sanferminak abiatzeko egunean emakumeei beltzez jantzita joateko egindako eskariarekin bat eginez.
"Iruñeko kale estuetatik heriotzaraino zezenak bidaltzen dituzten entzierroengatik dira ezagunak sanferminak, zoritxarrez", Duarteren ustez; "soinuekin, kolpeekin eta lasterketekin animaliak zirikatzen dituzte, zezen-plazan amaitzen dute, eta azkenean hiltzeraino odolgabetzen dituzte", azpimarratu du.
"Gizartearen gehiengoa gurekin ados dago, eta indar geldiezin horren sen ona nagusituko da azkenean", iragarri du. Duarteren esanetan, gazteak ez dira dagoeneko zezenketekin identifikatzen, eta, hori dela eta, "erakundeek babestutako tratu txar horiekin amaitzeko behin betiko pausoa emateko garaia da".