Gizartea -
Iruñean
Sanferminetan zezenek pairatzen duten tratua salatu du Animalien Askatasuna elkarteak
"Alternatibak proposatzeko unea da, gizartearentzat ezinbestekoa da", Animalien Askatasuna elkartearen Nafarroako bozeramailearen hitzetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Animalien Askatasuna elkarteak elkarretaratzea egin du larunbat arratsalde honetan, sanferminetako atarian, jai horietan zezenek pairatzen duten tratua beste urtebetez salatzeko asmoz.
"Animaliek tratu txarrik jasotzen ez dituzten sanferminak" eskatu ditu Irma Gimenez Animalien Askatasuna elkartearen Nafarroako bozeramaileak. "Hori iraganean uzteko eta sufrimendua eragin barik dibertitzen den herrira igarotzeko ordua da", gaineratu du.
Gimenezek onartu duenez, zaila da sanferminetan zezenik ez erabiltzea, ez bakarrik zezenketan, entzierroengatik ere, "baina ez da ezinezkoa", azpimarratu du. Zentzu horretan, aste honetan hainbat ordezkari politikorekin bildu direla iragarri du, tartean, EH Bildurekin, PSNrekin, Ahal Dugurekin, Aranzadi eta Equorekin.
"Gizartearentzat premiazkoa da", esan du Gimenezek, "gizartea beti da lehen urratsa ematen duena". Hori dela eta, helburu hori lortuko dutelakoan dago Gimenez. Dena dela, alderdi politikoek aurreratu dute momentuz auzi hori "aztertu" behar dutela.
Animalien Askatasuna elkarterako, sanferminetarako "alternatibak proposatzeko unea da", jai horiek "gure aldarrikapenerako bozgorailu" izan daitekeela onartuta.
Biharko eta hilaren 5erako animalien aldeko beste mobilizazio batzuk deituta daude Iruñean.