Gizartea -
'La Manada'
Guerroren pasaporteari buruzko berehalako informazioa eskatu du Nafarroako Auzitegiak
'La Manada'ko kideak epaitu dituen Auzitegiaren erabakiak Espainiako Poliziaren txio batean dauka jatorria. Guerrero pasaportea lortzen saiatu zela esan zuen Poliziak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Auzitegiak Espainiako Poliziari eskatu dio "beherala" informatzeko Antono Manuel Guerrero, 'La Manada'ko zigortuetako bat, Tabladako (Sevilla) pasaporteen eta NANen bulegora joan izanari buruz.
'La Manada' epaitu duen Auzitegiaren erabakiak Espainiako Poliziaren txio batean dauka jatorria. Guerrero pasaportea lortzen saiatu zela esan zuen Poliziak.
Zigortua Tabladako (Sevilla) pasaporteen eta NANen bulegora joan zen, noiz eta zer ordutan joan zen, eta aurretiko hitzordua zeukan ala ez jakin nahi dute magistratuek, eta informazio hori "berehala" emateko eskatu diote Espainiako Poliziak Mendebaldeko Andaluzian daukan nagusiari.
Era berean, hitzordu hori nork eskatu zuen ere argitu nahi du. Bulegoan arreta eman zioten funtzionarioen identifikazioa eta elkarrizketaren nondik norakoak eskatu ditu Auzitegiak. Pasaportea izatea galarazten zion Nafarroako Auzitegiaren autoa erakutsi zuen ere jakin nahi dute epaileek, baita zergatik ez zuten "berehala" guzti horretaz informatu ere.
Abokatuaren arabera, dena ‘gaizkiulertu’ bat izan da
Fiskaltzak, era berean, Guerreroren behin behineko askatasuna baliogabetzea eskatu du, Sevillako polizia-etxera joateagatik epaitegietan eman behar zuen pasaporteaz galdezka. Ministerio Publikoak ihes egiteko arriskua antzematen du.
Guardia zibilaren abokatu Jesus Perezentzat, eskaera "oinarri gabekoa" da, eta dena Poliziaren "gaizkiulertu" bat izan da.
"Gehiegizko ardura izateagatik, dei bat egin zuen ostiral arratsaldean, ez zeukalako pasaportea, eta jakin nahi zuelako zer egin, eta Tabladako bulegora joateko esan zioten", Sevillan.
Perezen arabera, guardia zibilak aurretiko hitzordua eskatu zuen, eta astelehenean aitarekin joan zen, bere egoera azaltzera, "eta esan zioten pasaportea iraungita zegoela, eta iraungita dagoenez, ez duela epaitegietan ezer aurkeztu behar", eta informazio horrekin, “bere kabuz” alde egin zuen polizia-etxetik.
Abokatuarentzat, ez zuen deliturik egin, ezta kautelazko neurriak hautsi ere. Aldiz, Poliziaren "gaizkiulertu" bat egon zen.
Antonio Manuel Guerrerori bederatzi urteko kartzela zigorra jarri zioten, 'La Manada'ko beste lau kideei bezala, sexu-abusuagatik. Aurreko astean, Nafarroako Auzitegiak behin behineko askatasuna ezarri zien, 6.000 euroko fidantzapean eta Espainiar estatutik irteteko debekuarekin, beste neurrien artean.