Gizartea -
Turismoa
Gaztelugatxerako sarbidea doakoa eta pertsona kopuru mugarik gabekoa izango da udan
Aste Santuan aplikatutako neurriak hartuko dira berriro ere, besteak beste, Bermeo eta Bakio artean Bizkaibusek maiztasun handiagoa izango du, ordu erdiro hartu ahal izanda.
Agentziak | Erredakzioa
Gaztelugatxerako sarbideak doakoa eta pertsona kopururik gabekoa izaten jarraituko du uda honetan, Elena Unzueta Bizkaiko Jasangarritasun eta Ingurumen diputatuak ostegun honetan iragarri duenez.
Udan Gaztelugatxen egingo dituzten ekimenen berri eman du diputatuak, iaz bisita mordoa jaso ostean, batik bat lekua "Game of Thrones" telesailean agertzeagatik, "Rocadragon"en bilakatuta.
Iaz ekaina eta urria arteko bost hilabeteetan, 395.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Gaztelugatxe, abuztuan gehien (143.219). Aurreko urteetako bisitekin alderatuz gero, ikaragarri handitu ziren.
Aste Santuan aplikatutako neurriak hartuko dira berriro ere udan, besteak beste, Bermeo eta Bakio artean Bizkaibusek maiztasun handiagoa izango du, ordu erdiro hartu ahal izanda, uztaileko eta abuztuko egun guztietan.
Lehenengoa Bakiotik Bermeora bidean irtengo da, 06:45ean, 21:15era arte. Bermeotik Bakiora, aldiz, 07:40etik 20:40era arte egongo da. Irailean maiztasun hori asteburutan soilik mantenduko dute.
Halaber, errepide zaharra itxiko dute, kokaleku ondotik pasatzen dena. Aparkaleku kopurua (370) mantendu egingo da. Bisitariek garraio publikoa erabiltzea eta gunea ibilgailu pribatuekin ez kolapsatzea du helburu.
Aurtengo berritasuneko bat honako hau da: Internet bidezko tiket sistema, bertara joateko ordua eta eguna aukeratu ahal izateko. Orientagarriak izango dira soilik, joaten diren pertsona kopuruaren kontrola izateko, nahi den orduan sartzen jarraitu ahal izango delako.