Gizartea -
Diputatuen Kongresua
Espainiako Kongresua, aitatasun eta amatasun baimenak berdintzeko bidean
Podemosen lege proposamenak 16 asteko baimenak aurreikusten ditu, % 100ean ordainduak.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuak lehenengo pausoa eman du aitatasun eta amatasun baimenak berdintzeko. Podemosek aurkeztu duen lege proposamenean % 100ean ordaindutako 16 asteko baimenak aurreikusten dira, eta aho batez babestu dute gaur.
PPk ere babestu du ekimena aintzat hartzea, nahiz eta Espainiako Gobernuan zeudenean bi aldiz galarazi, Pablo Iglesias Podemosen buruak gogorarazi duenez.
Egungo araudiak lehenengo sei asteak hartzera behartzen du ama, eta hurrengo 10ak borondatezkoak dira; aitek, aldiz, lau asteko baimena har dezakete jaiotza egunetik hasita, nahiz eta PPk eta Ciudadanosek adostutako aurrekontuetan epe hori 5 astera luzatzea adostu zuten.
Unidos Podemosek proposatu duena da aitek ere 16 asteko baimena izatea jaio berriak, adoptatuak edo harrerakoak zaintzeko, bi epetan banatuta: hasierako baimena, bi astekoa, eta haurra heztekoa, 14 astekoa.