Gizartea -
UMETOKI-LEPOKO MINBIZIA
Umetoki-lepoko minbizia antzemateko programa Euskadi osora zabalduko da 2019an
Dagoeneko programa abiatu dute Debabarrenan eta eskualde horretako 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei eskutitzak bidali dizkiete. Lehen mediku probak ekainaren 28tik aurrera izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Umetoki-lepoko minbizia antzemateko programa Euskadi osora zabalduko da 2019an, Urkullu lehendakariak gaur Deban egindako aurkezpenean azaldu duenez. Debabarrena izango da programa martxan jartzen lehena eta eskualde horretako 25.000 emakumeri eragingo die. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako eskualdeetara hedatuko da.
Urkulluk azaldu duenez, Debabarrenako 25 eta 34 urte arteko emakumeek proba "erraz" bat egiteko hitzordua jaso dute, eta lehen probak ekainaren 28tik aurrera egiten hasiko dira.
Proban parte hartuko duten emakumeei lagin bat hartuko diete eta gero hori ingurune likido batean sartuko dute. Ondoren, laborategira eramango dituzte zelulak (zitologia) aztertzeko eta giza papilomaren birusa (GPB) ba ote dagoen argitzeko.
Arazorik ez badago, emakumeari gutunez jakinaraziko diote emaitza, eta hurrengo hitzordu baten berri emango diote (hiru urtean behin 25 eta 34 urte bitarteko emakumeen artean eta bost urtean behin, 35 eta 65 urte bitartekoetan). Minbizia izan dezakeela antzemanez gero, berriz, ginekologoarengana bidaliko dute, azterketa osagarriak egin eta, beharrezkoa bada, tratamendua jartzeko.
Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, atzemate goiztiarra oso garrantzitsua da "Euskadin minbizitik bizirik irteten direnen kopurua areagotzen jarraitzeko".
2018ko azken hiruhilekoan programa Arabako ESIra ere zabalduko da eta 2019an Euskadi osora zabaltzen joango da.