Gizartea -
ERASOA
Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen, beste bat jo eta konorte gabe uzteagatik
Joaquin Gamon kalean gertatu da erasoa goizaldean, diskoteka batetik gertu. 21 eta 25 urte dituzte atxilotuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
21 eta 25 urteko bi gazte atxilotu dituzte goizaldean Irunen beste gazte bati eraso egin eta konorte gabe uztegatik. Identifikatzera joan direnean, oldartu egin zaizkie Ertzaintzako agenteei ere, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
04:15 aldera, hainbat pertsonek Ertzaintzari deitu zioten Irungo Joaquin Gamon kalean, diskoteka batetik gertu, gazte bat zaurituta zegoela abisatuz. Konorterik gabe zegoen biktika eta hainbat odol-jario zituen buruan, kolpeen eta ostikoen ondorioz.
Anbulantzia batek Bidasoako Ospitalera eraman zuen eta Ertzaintza erasotzaileen bila hasi zen lekukoek emandako deskribapenari jarraiki.
Hala, handik gertu, salmenta automatiko gune batean aurkitu zituzten bi gazteak eta identifikatzera joan zirenean eraso egin zieten agenteei ere.
Atxilotuta eraman zituzten, lesioak eragitea eta autoritate agenteen kontrako atentatua leporatuta.