Gizartea -
Sare kriminala desegin dute
Azken hamarkadan Nafarroan atzemandako kokaina kantitaterik handiena konfiskatu dute
Guztira, 32 kilo kokaina, 65 kilo speed, 12 kilo haxix, 22 gramo kristal, 6 estasi konprimitu eta 75 kilo kafeina atzeman dituzte.
agentziak | erredakzioa
Azken hamarkadan Nafarroan konfiskatutako kokaina kantitaterik handiena atzeman du Espainiako Poliziak, tartean, 32 kilo kokaina eta 65 kilo speed. Gainera, inguru horretan droga banatzeaz arduratzen zen gaizkile talde bat ere desegin du.
Espainiako Poliziak gaur Iruñean eskaini duen prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, "kolpe handia izan da narkotrafikoaren aurka", sanferminen atarian.
Atzemandako materialak bi milioi eurotik gorako balioa izan lezake merkatuan.
"Brothers" izeneko polizia operazioaren baitan, nazionalitate espainiarreko bederatzi pertsona atxilotu dituzte: zortzi gizonezko eta emakumezko bat. Deklaratu ostean, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak espetxera bidali ditu atxilotuetako lau eta gainerako bostak baldintzapeko askatasunean libre utzi ditu.
Urtarrila hasieran abiatu zuten ikerketa, salaketa anonimo baten ondotik.
Beriain udalerrian zuten egoitza nagusia eta, polizia operazioak zabalik jarraitzen du gaizkile taldea drogaz hornitzen zuten pertsonak identifikatzeko. Poliziak hainbat miaketa egin ditu Mutiloagoitin, Agoitzen, Noainen eta Beriainen. Guztira, 32 kilo kokaina, 65 kilo speed, 12 kilo haxix, 22 gramo kristal, 6 estasi konprimitu eta 75 kilo kafeina atzeman dituzte. Atzemandako kokaina horrekin 100.000 dosi inguru prestatu zitezkeela uste dute ikerlariek.
Drogarekin batera dirua eta beste hainbat tresna atzeman dituzte: 25.000 euro eskudirutan, sei ibilgailu, zortzi eskuko telefono, lau baskula elektroniko, ontziratzeko makina bat eta poltsak.
Droga Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Errioxan eta Aragoin saltzen zutela uste du Poliziak.