Gizartea -

ERREFUXIATUEN DRAMA

'Aquarius' ontzia Valentziara joango da bi itsasontzi militarren laguntzarekin

Salbamendu ontzitik Italiako Gobernuaren bi itsasontzi militarretara eramango dituzte 629 migratzaileetatik 500, eta hiru ontziek elkarrekin egingo dute Valentziara arteko bidea.

629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE
629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE
629 etorkin daramatza 'Aquarius' ontziak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik Gabeko Medikuak nazioarteko elkarteak eta SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakunde frantsesak kudeatzen duten 'Aquarius' ontzia Valentziako portura abiatuko da azkenean. Salbamendu ontzian doazen 629 migratzaileetatik 500 Italiako bi itsasontzi militarretara eramango dituzte, eta, ondoren, hiru ontziek batera egingo dute Valentziara arteko bidea.

Italiako Gobernuak bere portuetan sartzeko baimena ukatu zion 'Aquarius' ontziari. Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak Twitter sare sozialean jakinarazi duenez, migratzaileak hiru ontzitan banatu eta Valentziara abiatzea da orain Italiako agintarien "asmoa".

Mugarik Gabeko Medikuak ekintza humanitarioak egiten dituen nazioarteko elkarte mediko bat da, jatorri naturaleko eta giza jatorriko hondamendien eta gatazka armatuen biktimei laguntza eskaintzen diena, arraza, erlijio edo ideologia politikoagatik inolako bereizketarik egin gabe. Krisi-egoeretan gure presentzia independentea eta inpartziala denez gero, berehalako laguntza eskain diezaiekegu premia handienak dituzten pertsonei. Mediku-ekintza lehenesten dugu, baina lekukotza erabiltzen dugu gure laguntza jasotzen duten populazioen alde aldaketak eragiteko baliabide gisa.

Goizeko lehen orduan Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak jakinarazi duenez, "Aquarius ontzian jatekoa jasotzen ari dira, Italiako agintariek koordinatuta". Elkarte horrek gaineratu duenez, janaria eraman dute bidaiarientzat eta tripulazioarentzat.

"Salbamendurako Italiako Koordinazio Zentroen (MRCC) asmoa pertsona batzuk 'Aquarius' ontzitik bi ontzi militarretara eramatea eta gero elkarrekin Valentziara joatea da", adierazi du Twitter bidez elkarte horrek.

Pertsonen segurtasuna politikaren gainetik jartzea eskatu du Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak. Italiara edo Maltara eraman beharrean Valentzian porturatuta, "dagoeneko leher eginda dauden" erreskatatutako pertsona horiek beste lau egun igaro beharko dituzte itsasoan. "Aukerarik onena gertuen dagoen portuan lurreratzea litzateke, gero erreskatatutako pertsonak Espainiara edo beste herrialde batera eramateko", nabarmendu du elkarte humanitarioak. 'Aquarius' ontzia Italiatik eta Maltatik 30 miliara eta Valentziatik 700 miliara dago.

Asteburuan 'Aquarius' ontziak 629 migratzaile erreskatatu zituen Mediterraneo itsasoan, eta Italiak bere portuetako batean sartzeko baimena ukatu ostean, itsasoan noraezean dabil.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Valentziako portua eskaini zuen, baina hasiera batean Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak eta SOS Mediterranee gobernuz kanpoko erakundeak aukera hori baztertu zuten eguraldiaren baldintzak, bidaiaren iraupena eta ontziaren gehiegizko edukiera kontuan hartuta.

'Aquarius' ontzian doazen 629 pertsona horien artean, bakarrik bidaiatzen ari diren 123 adin txikiko, 11 haur eta 7 emakume haurdun daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Gerra Siria Albisteak migrazioa Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Zer gertatu da Castellonen? Mediterraneo itsasoa