Gizartea -
EKAITZA
Uholdeak izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan
Atxondo, Elorrio, Laudio edota Amurrio izan dira kaltetuenetakoak. Antzuolan itxita dago errepidea. 21:00etan bertan behera geratu da abisu horia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Uholdeak izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan. Euriteengatik abisu horia zegoen ezarrita, 12:00etatik 21:00etara, eta aurreikuspenak bete egin dira.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakitera eman duenez, Atxondon, Elorrion, Laudion eta Amurrion hainbat etxe eta garaje urpean geratu dira. Antzuolan, berriz, Gi-632 errepidea itxi egin dute, ur putzuengatik.
Bizkaia
Atxondon, ibaiak gainezka egin du eta hainbat etxebizitzatan sartu da. Gauza bera gertatu da Abadiñon eta Elorrion. Azken horretan N-636 errepidea ere itxita egon da 19:00ak arte bi norabideetan, ur putzuak direla eta.
Abadiño urak hartuta ikus dezakegu bideo honetan:
Hain zuzen ere, Modesto Sanchezek Atxondoko uholdeen bideo hau bidali du eitb.eus-era.
Eta Adrian Garciak Ermuako uholdeen bideo hau bidali du EiTBko webgunera.
Tximista, Bilbo gainean. EitB
Araba
Araban ere arazo ugari sortu ditu urak. Laudion, adibidez, 30 litro erori dira 20 minutuan; eta Orozkon, 30 litro 30 minutuan. Hala, uholdeak izan dira bi herri horietan, eta Amurrion ere bai (30 litro 30 minutuan). Hemen duzue Amurrion grabatutako bideoa:
Gipuzkoa
Ertzaintzak kontuz gidatzeko eskatu du Antzuola eta Bergara artean. Izan ere, ur putzu handiak daude Gi-632 errepidean, eta itxi egin behar izan dute 20. kilometro parean.
Ura sartu da, gainera, hainbat behe solairutara, tartean, Antzuolako Jubilatuen etxera.
Bergaran ere uholdeak izan dira. Hemen Aitor Ruiz de Egino Bergarako Urteaga auzoan grabatu duen bideoa.