Gizartea -

Helegitea

'La Manada'ren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

Hala, Foru Exekutiboak bost akusatuak eraso sexuala egiteagatik zigortzea eskatu du, eta ez sexu abusuagatik soilik.

Iruñeko justizia auzitegia
Iruñeko justizia auzitegia
Iruñeko justizia auzitegia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'La Manada'ren epaia baliogabetzea eskatzeko helegitea aurkeztu du gaur Nafarroako Gobernuak. Bost akusatuak penetrazioz edo bortxaketaz egindako sexu erasoengatik zigortzea eskatu du. Horrez gain, intimitatearen kontrako delitua ez ezik, indarkeriaz edo intimidazioz egindako lapurreta ere kontuan izatea galdegin du.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 2016ko sanferminetan gertatutakoa sexu eraso jarraituak izan zirela adierazi du idatzian, eta ez sexu abusuak, epaiak ebatzitakoaren arabera. Hori dela eta, erabakia bertan behera uztea eskatu du Foru Exekutiboak.

18 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Nafarroako Gobernuak sexu erasoagatik, 10 urteko zaintzapeko askatasunaz gain. Halaber, biktimarengana 500 baino gutxiagora ez gerturatzea, eta 20 urtetan harekin ez komunikatzea eskatu du akusatuentzat.

Zigor osagarri gisa, kondena indarrean dagoen bitartean guztiz ezgaitzea nahi duela zehaztu du helegitean.

Era berean, indarkeriaz edo intimidazioz egindako lapurreta egon zela argudiatu du Nafarroako Gobernuak, eta ez lapurreta arina. Delitu hori dela eta, hiru urteko espetxe-zigorra eta sufragio pasiborako ezgaitze berezia eskatu du.

Azkenik, intimitatearen aurkako delitua egon dela arrazoituta, hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorraz gain, 4 akusatuk 21 hilabetetan egunero 9 euroko isuna ordaintzea galdegin du eta 15 euro bosgarren akusatuak.

Carlos Bacaicoa biktimaren abokatuak gaur goizean jarri du epaiaren kontrako helegitea. Iruñeko Udalak ere gauza bera egitea aurreikusi du gaur. Defentsaren abokatuak, Agustin Martinez Becerrak, berriz, bihar aurkeztuko duela esan du. Fiskaltzak joan den astean ipini zuen.

Iruñeko Udalak gertatutakoa "sexu erasoa" izan zela onartzea eskatu du

Iruñeko Udalak gaur aurkeztu du 'La Manada'ren auziko epaiaren aurkako helegitea. 2016ko sanferminetan gertatutakoa sexu eraso izan zirela onartzea eskatu du "indarkeria eta intimidazioa" egon zirela argudiatuta.

Akusazio partikular gisa aurkeztu du idatzia Iruñeko Udalak. Epaiaren hiru atalen inguruko errekurtsoa jarri du: erasoa sexu abusua izan zela esatea, telefono mugikorraren lapurreta arintzat jotzea, eta bost kondenatuek grabatutako bideoengatik intimitatearen kontrako delituagatik ez zigortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa gaur Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa ‘La Manada’ auzia