Gizartea -

SUTEA

Sutea piztu da Bermeoko Alde Zaharreko eraikin batean

Hiru solairuko egurrezko eraikin batean piztu da sua, Aurrekoetxea kalean. Hiru eraikin hustu dituzte.

Argazkia: @Asiersangar
Argazkia: @Asiersangar
Hiru solairuko egurrezko eraikin bat erre da Bermeoko alde zaharrean

0:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutea piztu da gaur goizean, 10:30 aldera,  Bermeoko Aurrekoetxea kaleko 45. eraikinean, Alde Zaharrean. Hiru solairuko egurrezko eraikina da, eta hustu egin dute.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera eman duenez, aldameneko bi eraikinak  (43. eta 47. zenbakidunak) ere,  hustu egin dituzte, badaezpada.

Derioko, Artatzako eta Uriosteko suhiltzaileek hartu dute parte itzaltze lanetan. Azken datuen arabera, inork ez du minik hartu.

Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, su hartu duen eraikinaren azterketa teknikoa egingo dute datozen egunotan, eta horren araberako erabakiak hartuko dituzte. Oraingoz, 45. zenbakiko bizilagunek ezingo dute euren etxera itzuli.

 

Eraikin bateko azken solairua kiskalita geratu da Bermeoko alde zaharrean
Eraikin bateko azken solairua kiskalita geratu da Bermeoko alde zaharrean
Eraikin bateko azken solairua kiskalita geratu da Bermeoko alde zaharrean

0:52

 

Udalak gaineratu duenez, bestalde, suhiltzaileek 20 bat minutu behar izan dituzte, abisua jaso dutenetik sutearen lekura iristen. 11:45 alderako kontrolpean zuten sua, eta 13:10erako lortu dute guztiz itzaltzea. Halere, arratsalde osoan suhiltzaile talde bat geratuko da eraikina zaintzen.

Halaber, Aurrekoetxea kalea itxita egongo da ibilgailuentzat ondorengo orduotan.

Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen hitzetan, sute honek berriro ere agerian utzi du "beharrezkoa" dela herrian suhiltzaile talde bat egotea beti.

Bermeoko Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio Bizkaiko Aldundiari suhiltzaile talde bat modu iraunkorrean Bermeon izatea, sute arriskuagatik. Berriro bideratuko dute eskaera.

Bost urte, Alde Zaharra suak hartu zuenetik

Joan den apirilean bete ziren bost urte, Bermeoko Alde Zaharrean azken urteotako suterik handiena piztu zenetik. Zortzi eraikin erre ziren, eta horietako hiru eraitsi egin behar izan zituzten. 22 herritarrek galdu zuten etxebizitza sute hartan.

Joan den otsailean, berriz, Alde Zaharreko beste eraikin batean piztu zen sua, eta sei pertsona erietxera eraman zituzten, kea arnasteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Suteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea