Gizartea -

Eskandalua

Australiako artzapezpiku bat pederastia kasu bat estaltzeaz errudun jo dute

Akusazio horregatik zigortzen duten Elizako kargu goreneko lehen kidea da Philip Wilson Adelaideko artzapezpikua.

Wilson Newcastleko epaitegitik ateratzen. EFE
Philip Wilson, Adelaideko artzapezpikua. EFE
Wilson Newcastleko epaitegitik ateratzen. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Newcastleko (Hegoaldeko Gales Berria, Australia) epaitegi batek errudun jo du Philip Wilson Adelaideko artzapezpikua apaiz batek hainbat adingaberi egindako sexu abusuak estaltzeaz. Australiako egunkarien arabera, akusazio horregatik zigortzen duten Elizako kargu goreneko lehen kidea da Wilson.

Aurreikuspenen arabera, ekainean kaleratuko dute epaia, eta bi urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete.

Robert Stone epaileak James Fletcher apaizak egindako abusuak estaltzea leporatu dio 67 urteko artzapezpikuari. Frogatutzat jo du Wilsonek bazuela pederastia kasu horren berri, biktima batek kontatu baitzion 1976an, artean Hegoaldeko Gales Berriko apaizaren laguntzailea zela.

Wilsonen abokatuek argudiatu dutenez, artzapezpikuak ez zuen biktimarekin izandako elkarrizketa gogoan.

Fletcher 2004an zigortu zuten bederatzi adingaberi sexu abusuak egiteagatik. Bi urte gerorago hil zen, kartzelan.

Australiako Artzapezpiku Katolikoen Konferentziaren hitzetan, Wilsonek errugabea dela esan du hasieratik, eta abokatuekin adostuko du orain zer egin.

1.100 salaketa 35 urtetan

Australiako Gobernuak aginduta, Elizan eta beste instituzio batzuetan izandako pederastia kasuak ikertu dituzte bost urtez. Biktimek hainbatetan salatu dutenez, Elizako goi kargudunek kasuok estali dituzte.

Iaz amaitutako ikerketaren arabera, 1950 eta 2010 urteen artean Australian apaiz jardun zutenen % 7k sexu abusuak egin zizkieten adingabeei. 35 urtetan 1.100 salaketa aurkeztu dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Australia Umeak albisteak gaur Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan Vatikanoko azken ordukoa