Gizartea -
Maiatzaren 26ko martxa
Sindikatuek eta gizarte taldeek pentsiodunen larunbateko manifestazioa babestu dute
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten elkarteen ustez, EAJk PPrekin pentsioen inguruan lortutako akordioa 'adabakia' da.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatuek eta gizarte taldeek pentsiodunek larunbat honetarako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako manifestazioak babestu dituzte. Horien iritzian, pentsioak KPIaren parera igotzeko EAJk eta PPk lortutako akordioa "adabakia" baino ez da.
Mikel Noval ELAko kideak prentsaurrekoan eta Karta osatzen duten kideen izenean esan duenez, "pentsioen auzia ez da teknikoa, politikoa baizik; sistema publikoari eusteko aberastasuna banatu behar da".
Novalen hitzetan, EAJren eta PPren arteko akordioak pentsiodunak "desmobilizatu" nahi ditu. "Kalera ateratzen diren pertsonak etxean geratzeko bi urteko adabakia jarri dute", erantsi du.
Karta sinatu duten eragileen ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak "pentsioen politika goitik eta behera aldatzea" eskatu du, eta, bide horretan, "mobilizazioa" aldarrikatu du. Novalen esanetan, "mobilizatu beharra dago, hori baita pentsio sistema publiko duin bat lortzeko dagoen biderik eraginkorrena. Berriki Madrilen EAJk PPrekin lortutako akordioa ezin da ulertu borroka hori gabe".
Horrenbestez, Kartak bat egin du deituta dauden manifestazioekin.
Novalek nabarmendu duenez, "pentsio duin publikoen auzia ez da bakarrik pentsiodunei eragiten dien gaia, guztioi eragiten ditu: sindikatuoi, talde feministei, gazteei, bazterketa sozialaren kontra lan egiten duten elkarteei, ekologistei... Horregatik, orain arte egin izan dugun bezala, 26an kalera aterako gara".