Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Sexu askatasunaren aurkako delituak % 32 igo dira EAEn
121 kasu izatetik 160 izatera pasatu dira eta bortxaketak ere ugaritu egin dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sexu askatasunaren aurkako delituak % 32,2 ugaritu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2018ko lehen hiruhilekoan, Espainiako Barne Ministerioak gaur argitaratutako datuen arabera.
Zehatz-mehatz esanda, sexu askatasunaren aurkako delituak 121etik 160ra igo dira eta horien artean ere bortxaketak 17tik 20ra (% 17,6) igo dira.
Espainiako Barne Ministerioak urteko lehen hiruhilekoari dagokion Kriminalitateari buruzko Balantzea ezagutzera eman du, Estatuko Segurtasun Indarren, Ertzaintza eta gainerako polizia autonomikoen eta Udaltzaingoen datuak aintzat hartuta.
Guztira, urtarrila eta martxoa bitartean 21.283 delitu egin ziren EAEn, aurreko urteko epe berean baino % 4,5 gehiago. Deliturik ohikoenak lapurretak dira (6.302), nahiz eta behera egin duen delitu bat izan (% 4,3).
Bizkaian zenbatu dituzte delitu kopuru gehien (12.539), baina kriminalitatea gutxien hazi den lurraldea da, % 4,2. Gipuzkoan 5.619 delitu erregistratu dira eta igoera % 4,9koa izan da. Araban, ostera, % 5,5 igo da delitu kopurua, 3.125era arte.
_____________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.