Gizartea -

Bi azpiegitura handi

Hiru kilometroko bi tunelek Getxo eta Portugalete lotuko dituzte

2023an ekingo dio Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura handi horri. Gainera, beste proiektu batek Hegoaldeko Saihesbidea eta Arrigorriaga lotuko ditu.

Proiektuak jasotzen dituen bi azpiegiturak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Proiektuak jasotzen dituen bi azpiegiturak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bilboko trafikoa hobetzeko bi proiektu handi

1:29

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko trafiko arazo nagusiak konpontzeko bi azpiegitura handi egingo ditu: Artatzako biribilgunea (Getxo) eta Portugalete lotuko dituen bi tunel eta Hegoaldeko Saihesbidea bukatzeko lanak. Guztira 580 milioiko aurrekontua aurreikusi dute, eta lanok 2027an egongo dira bukatuta.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak bi proiektuen berri eman du gaur -osteguna- eta, adierazi duenez, "Bizkaian XXI. mendean egingo den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da", mapa "zaharrak" atzean utzita, eta Bilbo handiko mugikortasuna eraldatuz.

Aldundiak Rontegiko zubiaren antzeko beste zubi bat egitea aztertu zuen, baina azkenean tunelak egitea erabaki du. Aukera hori "garestiagoa" bada ere, errepide sareko arazoak konpontzeko modurik egokiena dela uste dute.

Rementeriaren esanetan, lan horien bidez Aldundiak errepide bizkaitarretan izaten den "mugikortasun arazo nagusiena" konpontzea nahi du, hiru puntu kritikoenetan sortzen diren auto ilarak arinduta: Arrontegi (137.000 ibilgailu igarotzen dira egunero), Leioako errepidea (114.000 ibilgailu) eta Max Center (127.000).

Hiru "korapiloak askatzeko", Aldundiak osagarriak izango diren bi azpiegitura jarraian egitea erabaki du. Lehenik eta behin Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea burutzea izango da, Arrigorriagan A-68 autobidearekin lotzeko helburuarekin.

Lan hori datorren hilabetean esleitzea espero du Aldundiak, eta horretarako 200 milioi euro bideratuko dituzte. Aurreikusi dutenez, 2023ean bukatuko dute lehen azpiegitura hori.

Argazkia: Google Maps

Lehen fase hori bukatzea ezinbestekoa izango da bigarrenari heltzeko: Itsasadarraren azpitik igaroko den tunela. Artatzako biribilgunean hasi (Leioa-Getxo, Eskuinaldea) eta Hegoaldeko Saihesbidea lotuko ditu, Ballonti inguruan, Portugalete eta Sestao artean (Ezkerraldea).

Bidesaririk gabeko tunela izango da, hiru kilometro inguruko luzera izango du eta ibilgailuak igarotzeko (53.000 bat egunean) erreiez gain, garraiobide publikoari zuzendutako sistema bat ere izango du, baina oraindik erabakitzeke dago.

Tunela egiteko 380 bat milioi beharko dituzte aurreikusi dute, eta 2027rako bukatuta egongo da.

"Ordaindu dezakegun lana da, eta merezi du egitea", erantsi du Rementeriak.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Getxo Portugalete Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Arrigorriaga Albisteak AP-68 autobideko istripuak gaur