Gizartea -
EMAKUNDE
Ikerketa batek indarkeria sexista atzeman du ingurune aktibistetan
Indarkeria sexista kasuak sindikatuetan, alderdi politikoetan edota mugimendu sozialetan ere izaten dira. Gainera, askotan elkarte horiek indarkeria ukatu egiten dute, eremu pertsonalera mugatuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakundek babestutako ikerketa batek indarkeria sexista kasuak atzeman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte mugimendu, sindikatu, alderdi politiko edota gobernuz kanpoko erakundeetan.
"Euskadin indarkeria sexistari buruzko imajinarioak eraldatzea. Emakume aktibisten narratibak" izenburua duen ikerlanak indarkeria sexista aztertu du EAEko ingurune aktibistetan. Gaur goizean aurkeztu dute ikerketa Emakundek Gasteizen duen egoitzan.
Tania Martínez Portugal ikertzaileak bakoitzaren berezitasunak eta orokortasunerako dagoen arriskua kontuan izanik ondorioztatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko aktibisten espazioetan indarkeria sexista gertatzen da eta legitimatu egiten da, beste edozein gizarte eta kultur testuingurutan indarkeriari eta justifikazioari bide ematen dieten logika berak nagusitzen direlako.
Ikerlanaren arabera, askotan elkarte eta erakunde horiek indarkeria ukatu egiten dute eremu pertsonalera mugatuz. Ez hori bakarrik, sexismoa eta indarkeria sexista ukatzea zailtasun bat gehiago da komunitate horien barruan, sexismoari dagozkion bazterketa eta erasoak identifikatzeko eta horien aurrean jarduteko unean, eta erasoa jasaten dutenengan sumindura eta frustrazio handiagoa eragiten du horrek.
Bestalde, ikerlanak diskurtso maila gainditzeko beharra nabarmentzen du, eta ondorioztatu du kolektibo eta erakunde askok beren identitate kolektiboaren eta politikoaren parte gisa diskurtso feminista berenganatu izanak ez duela esan nahi beste maila batzuetan barneratu dutenik.