Gizartea -
ERRUGBIKO FINALAK
Bilboko ostalariek 2 ordu beranduago itxi ahalko dute, errugbiko finalak tarteko
Aldi berean, partidak hasi baino hiru ordu lehenago terrazak erretiratzeko eskatu die Udalak San Mames inguruko ostalariei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak bi ordu luzatu die ixteko ordua hiriko ostalariei ostegunetik larunbatera, asteburu honetan hirian jokatuko diren Challenge Cup eta Champions Cup errugbi lehiaketetako finalak direla eta.
Horrez gain, partidak hasi baino hiru ordu lehenago terrazak erretiratzeko eskatu die Udalak San Mames inguruko ostalariei, eta San Mames ondoko kaleetan lanean ari diren garraio enpresei, etxe-aldaketetan aritzen direnei eta obretako langileei egun horietan espazio publikoa libre uzteko eskatu die.
Halaber, Bilboko ostalariek bi ordu beranduago itxi ahalko dute maiatzaren 10etik 12ra bitartean, errugbiko finalak tarteko. Ordutegi aldaketa horrek ostalaritzako lokal gehienei eragingo die, "egunekoei", "osagarriei" eta terrazei salbu (horiek beste ordutegi bat dute).
Bestalde, errugbizaleek euren gustuko kirolaren esentziaz gozatu ahal izango dute Europako bi finalen aurretik, bitartean eta ondoren. Horretarako, Fan Zone edo zaleentzako guneak jarri dituzte Bilboko puntu ezagunenetan.