Gizartea -

Arkeologia

Tutankamonek ez du sekretu gehiagorik ezkutatzen

Ume erregearen hilobi ospetsuaren atzean ganbera sekreturik ez dagoela ondorioztatu dute ikertzaileek, hiru urteko zurrumurruak gezurtatuz.

Tutankamonen hilobia. Artxiboko argazkia: EFE
Tutankamonen hilobia. Artxiboko argazkia: EFE
Tutankamonen hilobia. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru urteko zurrumurruak eta espekulazioak izan dira, arkeologia eta historia munduko itxaropenak elikatuta: Egiptoko hilobirik ospetsuenean sekretu ezkutu berriak aurkitu ahal izatea.

Azkenean, askoren ametsak zapuztu ditu zientziak, eta Tutankamonen hobian ganbera ezkuturik ez dagoela ondorioztatu du, ezta Erregeen haranean ere.

Aurkikuntza ezaren berri eman zuten Egiptoko agintariek igandean; horrela, etsipena azaldu zuten, Nefertitiren hilobira sartzeko pasabide bat topatzea baztertu ondoren.

Tutankamonen hilobi famatuaren paretaren atzean 'ganbera ezkutu' bat existitzea baztertu dute ikertzaileek. Teoriaren arabera, Nefertiti erreginaren gorpuzkiak bertan egongo lirateke.

Ondorio horretara heldu baino lehen, erregina ederraren momia 3.000 urte baino gehiagoko hilobi ospetsuaren paretaren atzean zegoela “% 90” batean seguru zeudela ziurtatu zuten Egiptoko arduradunek.

Ganbera eskaneatzen ari zela, Nicholas Reeves Erresuma Batuko arkeologoak igeltsuaren azpian ateen zantzu ahul edo “mamu” antzekoak topatu zituenean hasi zen bilaketa berria.

2015ean artikulu bat argitaratu zuen Reevesek: ‘Nefertitiren hileta’. Tutankamon aurkitu zuten hilobia, hasiera batean Nefertiti erreginarentzako diseinatu zutela defendatu zuen arkeologoak. Erreginaren gorpuzkiak urrunago, baina ganbera horren barruan egon zitezkeela aditzera eman zuen zientzialariak.

Francesco Porcelli ikertzaile taldeko buruzagia: "Etsigarria da"

Erresuma Batuko arkeologoaren susmoak kontuan hartu eta haren teoria babesten zuten radar eskanerrak egin ondoren, Egiptoko buruzagiek beste ganbera baten existentzia baieztatu zuten. Hamarkadetako aurkikuntzarik esanguratsuena izango litzateke.

Reeves ikerketatik at utzi zuten 2017an. Ume erregearen ganberaren mendebaldean eta iparraldean, harresien atzean, bi zulo zirela lepo egin zuen Erresuma Batuko arkeologoak.

Arkeologoaren tesiaren arabera, hutsune horietako batean Nefertiti erreginaren gorpua egongo litzateke, 1922ko azaroaren 4an Howard Carterrek garaiko langileen etxebizitzetako hondakinen azpian aurkitutako antzeko hornidurekin, arpilatzetatik salbu.

Nefertiti edo hiru milurtekotan zehar ezkutuan izan den altxorrez beteriko beste gela bat aurkitzeko itxaropena zapuztu dute, ordea, Turineko Unibertsitateko adituek.

Francesco Porcelli ikertzaile taldeko buruzagiak igandean onartu zuenez, Tutankamonen hilobiaren pareten atzean ezer ez egotea “etsigarria” da. Radar arakatze sakonak egin eta ‘ganbera sekretuaren’ existentzia baztertu dute.

Khaled al-Anani Egiptoko Antzinate ministroak goraipatu duenez, herrialdeko buruzagiek ikerketaren ondorioak onartu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Egipto Arkeologia albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?