Gizartea -
NAFARROA BEHEREA
Donibane Garazin hildako emakumearen bikotekide ohiak komisarian jarraituko du
Autoarekin harrapatu zuen gizonezkoak emakumea larunbat goizaldean, eta tokian bertan hil zen. Kasua indarkeria matxistarekin lotuta dagoen ikertzen ari dira.
EITB.EUS
32 urteko emakume bat hil zen larunbat goizaldean Donibane Garazin, auto batek harrapatuta. 05:00ak aldera izan zen harrapaketa Donibane Garaziko Kale Nagusian, Udaletxetik gertu.
Kolpearen ondorioz, oso larri zauritu zen emakumea, eta anbulantziak berehala bertaratu ziren arren, lekuan bertan hil zen. Brasildarra zen eta Donibane Garazin bizi zen.
Autoaren gidaria emakumearen bikotekide ohia zen, eta gertatutakoa istripu bat izan zela esan bazuen ere, gendarmeek polizia-etxera eraman zuten gizonezkoa, galdekatzera.
Fiskaltzako iturriek Euskadi Irratiari jakitera eman ziotenez, positibo eman zuen alkoholemia proban.
Ikertzaileek aukera guztiak zabalik dituzte, eta ez dute baztertzen hilketa matxista izatea.
Bien bitartean, larunbat arratsaldean, elkarretaratzea egin zuten herritarrek Donibane Garaziko turismo bulegoaren aurrean, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko.