Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
9 urteko zigorra jarri diete 'La Manada'ko bost kideei, sexu abusu delituagatik
Nafarroako Auzitegiak, ordea, sexu eraso delituagatik, intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta egiteagatik absolbitu egin ditu bost auzipetuak.
EITB.EUS
Nafarroako Auzitegiak 9 urteko kartzela zigorra ezarri die 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik. Hala ere, sexu eraso delituagatik absolbitu ditu 'La Manada'ko kideak.
Epaimahaiak sexu abusu delituagatik zigortu ditu bost gizonak, ez sexu erasoagatik, eta horrek esan nahi du ez duela frogatutzat jotzen indarkeria eta intimidazioa egon zirenik.
Hori dela eta, sexu eraso delituagatik absolbitu ditu bost auzipetuak. Horrez gain, indarkeriaz egindako lapurreta delituarengatik eta intimitatearen aurkako delituagatik ere absolbitu egin ditu. Alabaina, bost gazte sevillarretako bati biktimaren telefonoa lapurtzeagatik zigortu du eta, horren harira, 900 euroko isuna ordaindu beharko du.
Kartzela zigorraz gain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoak prozesuaren kosten herena ordaintzera eta biktimari 50.000 euroko kalte-ordain bana ematera kondenatu ditu bost gizonak. Halaber, 15 urtez biktimarekiko urruntze agindua eta berarekin komunikatzeko debekua ere ezarri diete. Horrez gain, Osasunbideari 1.531 euro ordaindu beharko dizkiete emakumeari emandako osasun arretagatik. Amaitzeko, kartzela zigorra beste ostean bost urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko dute.
Jose Francisco Cobo Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoko presidenteak irakurri du epaia Iruñeko Justizia Jauregian, jendaurrean. Epaiaren irakurketa 15 minutuko atzerapenarekin hasi da, akreditatuta zegoen kazetari kopuru handia tarteko.
Bost gazte sevillarrak (Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Angel Boza, Alfonso Jesus Cabezuelo militarra eta Antonio Manuel Guerrero guardia zibila) eta biktima ez dira epaiaren irakurketara joan. Lehendabizikoen kasuan, erasoa gertatu zenetik behin-behineko espetxealdian daude.
Epaiketa amaitu eta ia bost hilabetera ezagutu da epaia. Ahozko epaiketa amaitu eta egun gutxira, defentsak bost gazteak aske uztea eskatu zuen, baina epaimahaiak atzera bota zuen eskaria.
Azken bi saioak izan ezik, epaiketa ateak itxita egin zuten. Fiskaltzak 22 urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen bost akusatuentzat, akusazio partikularrak, 24 urte eta bederatzi hilabetekoa eskatu zuen, eta herri akusazio gisa aritu ziren Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, ostera, 25 urte eta bederatzi hilabetekoa. Defentsak, ostera, absoluzioa.
Epaitutako gertaerak 2016ko uztailaren 6tik 7rako gauean gertatu ziren Iruñean, sanferminetan, Paulino Caballero kaleko atari batean. Emakumearen salaketaren ostean eta gertaerak jazo eta ordu gutxira, entzierroaren ondoren, Foruzaingoak bost gazteak atxilotu zituen.
Bost akusatuek indarkeria edo larderia erabili izanaren frogarik ez dagoela ebatzi du epaimahaiak, nahiz eta biktima erantzuteko gaitasunik gabe utzi eta "men egitera" beharturik zegoela onartu.
"Bat-batean salatzailea toki mehar eta ezkutuan aurkitu zela eztabaidaezina da, ihesbide bakarrarekin, bost gizon zaharragok eta indartsuagok inguratuta; giro horrek erasan egin zion eta erantzuteko gaitasunik gabe utzi zuen", azaldu dute magistratuek sententzian.
Epaiaren arabera, "biktima estualdiak eta urduritasunak jota, harrituta geratu zen, jarrera pasiboa hartu eta men egin zuen; horrela auzipetuen aginduak jarraitu zituen; denbora tarte luze batean begiak itxita".
Epaimahaiak frogatutzat jo du, "salatzailearen gaineko nagusitasun egoera bat nahita" sortu zutela akusatuek, eta gailentasun hori aprobetxatu zutela "salatzaileari sexu-abusuak egiteko, ondorioz, ez zuen askatasunez bere baimenik eman, egoerak ezeztaturik, bortxaturik edo baldintzaturik baizik".
Delitua egin zuten atarian biktima "indarkeriarik gabe" sartu zela dio sententziak, baina gertatutakoa "segada" izan zela azpimarratu du. Gertatutako guztiak "salatzaileari blokeo emozionala sortu zion, gertakarien aurrean erantzutea eragotziz, eta men egin eta jarrera pasiboa izatera bultzatu zuen horrek".
Salatzailearen bertsioa sinetsi dute bi magistratuk, "irmo eta inolako kontraesanik eta inkoherentziarik gabe" mantendu zuelako Poliziaren zein instrukzio epailearen aurrean.
Bestalde, akusazioek gaztearen "borondatea makurtzeko baliabide fisikoa erabili zutenik frogatu ez" dutela uste du epaiak.
Boto partikularra
Nafarroako Auzitegiko Bigarren Aretoko hiru magistratuetako batek (Ricardo Gonzalez) boto partikularra eman du. Bost akusatuentzat absoluzioa eskatzen zuen eta eskuko telefonoaren lapurreta soilik hartzen zuen soilik kontuan.
Epaituak izan diren delitu guztiengatik bost gizonak absolbitzea galdegin zuen. Emakumeari eskuko telefonoa lapurtzea leporatzen dionaren kasuan, ordea, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaintzea eskatzen zuen.
Gainera, gaur egun espetxean dauden bost gazteak aske uztea eskatzen zuen.
Akusatuek grabatutako bideoetan, bost gizon eta emakume bat "iskanbilan eta pozez zoratzen sexu-harremanak" izaten soilik ikusten direla adierazi du Gonzalezek.
Boto partikularrean, "prozeduraren lehen egunetik epaiketa paralelo ukaezina" gertatu dela salatu du epaileak, "agerikoa eta bistakoa" izan delako. Magistratuaren ahotan, biktimak "kontraesan larri eta deigarri ugari izan ditu, bere kontakizunean egindako aldaketekin hitza jan duelarik".
Epaiketan froga moduan aurkeztutako bideoari dagokionez, biktimaren aurpegiak "lasaitasuna" adierazten duela nabarmendu du epaileak, "inolako tentsiorik gabe". Honenbestez, "ikara, nazka, gorroto, arbuio, ezezko, egonezin edo deserosotasunik defendatzea ezinezkoa da", erantsi du.
Akusazioek helegitea aurkeztuko dute
Carlos Bacaicoa biktimaren abokatuak epaia ezagutu ostean azaldu duenez, erabakia errespetatzen du, baina ez du partekatzen.
"Sakontasunez aztertu behar da, baina hasiera batean helegitea jartzea da asmoa, beti ere, nire bezeroak nahi badu", zehaztu du.
Edozein kasutan, gehien harritu duena intimidazio delitua ez onartu izana da, epaitutako gertaerak eremu txiki batean jazo zirela eta emakumea bost gizonez inguratuta zegoela kontuan hartuta.
Era berean, Nafarroako Gobernuak sententziari helegitea aurkeztuko dio, Ana Ollo Gizarte eta Erakunde Harremanetarako kontseilariak iragarri duenez. Olloren hitzetan, Nafarroako Exekutiboa ez dago epaiarekin ados, "egindako delitua nabarmen arintzen duelako".
"Erabaki judizialenganako eta epaileen lanarenganako errespetuarekin, Nafarroako Gobernua ezin da ezagutu berri dugun sententziarekin ados egon", esan du eguerdian, kazetarien aurrean.
"Zehazki, erabakiarekin ados ez gaudela esan dezakegu; izan ere, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoek auzian defendatutako jarrerarekin bat ez datorrelako", azaldu du Ollok. "Epaiak egindako delitua nabarmen arintzen du, indarkeriarik edo larderiarik izan ez zela erabaki duelako", deitoratu du kontseilariak.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak ETBri baieztatu dionez, Udalak epaiari helegitea jarriko dio.
Defentsa abokatuek ere epaia errekurrituko dute
Agustin Martinez Becerra bost gazteetako lauren abokatua denak aurreratu duenez, epaia ez dator bat zuzenbidearekin.
Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian kazetarien aurrean esan duenaren arabera, oraindik ez du bere bezeroekin hitz egin. Edozelan ere, ziur dago epaia senideentzat "kolpe gogorra" izan dela, ez baitzuten espero gisa horretako epairik.
Halaber, bere bezeroak "berehala" aske uztea eskatuko duela ere iragarri du.
Bestalde, Jesus Perez bosgarren gaztearen abokatuak ere helegitea aurkezteko eta "behar den tokira iristeko" asmoa agertu du, absoluzioa helburu. "Epaia errekurritzeko aukera ez ezik, oinarrizko eskubideen urraketa egon dela uste dugu", azaldu du Nafarroako Justizia Jauregiaren atarian kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.
Kontzentrazioa Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian. ETBren irudietatik ateratako pantaila-irudia.
Kontzentrazioa Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian
Andrea, Lunes Lilas eta Betaurreko Moreak elkarteek deituta, jende andana elkartu da Justizia Jauregiaren atari aurrean, epaiaren irakurketa jarraitzeko.
"Bortxaketa da, ez abusua" oihukatuz erantzun dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren atarian elkartu diren ehunka lagunek epaia ezagutu ostean. Halaber, tentsio uneak bizi izan dira manifestarien eta auzitegiaren atea babesten ari ziren foruzainen artean. Dena dela, ez da istilu larririk izan.
Ehunka lagun elkartu dira kanpoaldean, eskuak gorriz margotuta edo eskularru gorriak jantzita, "Ezetza ezetz da! Justizia!" leloa zuen kartel baten atzean. Gainera, "nik sinesten dizut" ere oihukatu dute, besteak beste.
Mugimendu feministek elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsalderako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean epaia salatzeko.
_________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.