Gizartea -

GUARDIA ZIBILA

PPren Bizkaiko kargu bat atxilotu dute, adin txikikoei sexu-argazkiak eskatzeagatik

Dirua eskaintzen zien adingabeei, argazkiengatik. Ostiralean atxilotu zuen Guardia Zibilak. Bezperan, PPk kaleratu egingo zutela iragarri zien militanteei, olio lapurreta batean nahastuta zegoelako.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Abajo Bizkaiko PPren Agenda Digitalaren idazkariorde eta Enkartazioetako koordinatzailea atxilotu zuen Guardia Zibilak ostiralean, dirua edo droga eskaintzeagatik adin txikikoei, euren argazki sexualen truke.

Barne Ministerioak ostiralean bertan zabaldu zuen "Kaio 75" deituriko operazioaren baitan 42 urteko gizon bat atxilotu zutela Bilbon. Abajori adin txikikoei dirua eta droga eskaintzea leporatzen diote sexu izaera duten argazkien eta bideoen truke.

Ministerioak jakitera eman duenez, 15 urteko neska baten amak jarritako salaketa batekin hasi zen ikerketa. Emakume horrek Guardia Zibilari jakinarazi zion gizon heldu batek argazki sexualak eskatu zizkiola bere alabari, diruaren truke, WhatsApp bidez.

Antza, 2017ko abuztuan hainbat adin txikiko ezagutu zituen Torreviejan (Alacant), eta besteak beste, dirua eman zien autoa garbitzearen truke, euren konfiantza lortzeko asmoz.

Abajorekin batera beste bi lagun atxilotu dituzte eta beste bost ikertzen ari dira gertakari berberengatik.

Ostegunean PPtik botako zutela jakinarazi zioten militantziari

Kasualki, atxiloketa baino egun bat lehenago, ostegunean, PPk Carlos Abajo bota egingo zuela jakinarazi zion bere militantziari, garai batean lan egin zuen toki batean izan zen olio eta gourmet produktuen lapurretan nahastuta zegoelako.

Pertsona horren kaleratzea asteartean Bizkaiko PPk ospatzekoa duen bileran egingo da ofizial.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Gizartea Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak