Gizartea -
NAFARROA
Familia bat etxetik atera dute Lizarran, teilatuaren zati bat erori ostean
10 metro koadro jausi dira, baina ez da inor zauritu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lizarrako familia bat etxetik atera behar izan dute bart, Tafalla kaleko etxebizitza eraikin bateko teilatuaren zati bat jausi ostean. 10 metro koadro jausi dira, baina ez da inor zauritu.
Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazi duenez, goizaldeko bostak aldera gertatu da, Lizarrako Tafalla kaleko 1 zenbakian.
Zatiak barneko patio batera erori dira, eta, inor zauritu ez bada ere, laugarren solairuan bizi den familia etxetik atera dute.
Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak
Nafarroako larrialdi zerbitzuek Lizarrako suhiltzaileak eta Udaltzaingoa mobilizatu dituzte. Suhiltzaileek eskora edo zutoinak jarri dituzte teilatuari eusteko eta ezegonkor zeuden zatiak erretiratu dituzte.
Udaleko arkitektoa eta suhiltzaileak goizean zehar joan dira eraikina ikuskatzera, azpiegituraren egoera aztertu eta hartu beharreko neurriak zein diren erabakitzeko.