Gizartea -
EGURALDIA
Larrialdi egoera ezarri dute Nafarroan, uholdeengatik
Larrialdi egoera Nafarroa osorako ezarri badute ere, okerrena Erriberan izango dela ohartarazi dute, goizaldean uholdeak espero dituztelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du goizean, uholdeengatik, aurreikuspen meteorologikoak bete eta ibaiak gainezka doazela ikusita.
Ur-emari handiena Arakil, Aragoi, Arga, Ega eta Irati ibaiek izan dute. Hainbat puntutan gainezka egin dute, baina herritarrei kalterik egin gabe.
Goizean goiz bildu da Larrialdietarako Aholkularitza Batzordea, hartu beharreko neurriak hartzeko. Bilera Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Presidentzia kontseilariak zuzendu du eta bertan izan dira, besteak beste, babes zibileko buruzagiak, suhiltzaileak, Foruzaingoa, Udaltzaingoa, Ingurumen eta Nekazaritza arduradunak eta AEMET meteorologia agentziako kideak.
Okerrena Erriberan izango dela ohartarazi dute. Oso litekeena da gauean uholdeak egotea eta nekazaritza guneetan kalteak eragitea. Ura Tutera erdigunera irits daitekeela ere uste dute.
Gauzak horrela, arratsalde hasieran larrialdietarako mahaiak premiazko beste bilera bat egin du Tuteran. Oraingoan Erriberako herrietako alkate eta udal ordezkariak ere bertan izan dira.
Aurreikuspenaren arabera, 2013an eta 2015ean izan ziren ur-goraldiak izango dira. Gauerditik aurrera Arga eta Ebro ibaiek gainezka egingo dutela espero da eta, ondorioz, Funesen, Castejonen eta Tuteran uholdeak izango dira goizaldean.
Hala bada, N-113 errepidea moztu egingo dute, eta Ebro ibaia zeharkatzeko zirkulazioa AP-15tik bideratuko dute, Castejon parean.
Erriberako udalak arratsaldean hasi dira herritarrei abisuak ematen, uholdeak izan daitezkeen tokietatik animaliak, ibilgailuak eta bestelako materialak erretiratzeko eskatuz.
Nafarroa iparraldeari eta erdialdeari dagokionez, goizean hamaika errepide moztuta egon dira, ibaiek gainezka egin dutela eta. Baina orduek aurrera egin ahal egoera bere onera bueltatu da.
Iruñean, hiria zeharkatzen duten ibaietako ur-emaria goraka joan da egunez eta zenbait tokitan errepideak itxi egin behar izan dituzte. Alabaina, ura ez da etxeak eta komertzioak dauden lekuetara iritsi.
Zadorra ibaia, gainezka
Euskal Autonomia Erkidegoan, ostera, oro har, ibaien maila jaisten ari da eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Uholdeei Aurre Egiteko Larrialdi Planaren Larrialdi fasea "0" egoerara pasatzea erabaki du.
Hala ere, ibaietako emaria zaintzen jarraituko du, bereziki Zadorra eta Urumearena; izan ere, Zadorra ibaiaren ur-mailak kezka eragiten du oraindik Araban, batez ere, Uribarri Ganboako urtegia ura husten ari delako.
Horri azken orduetan egindako euria gehitu ondoren, Zadorra ibaiak gainezka egin du Arabako hainbat tokitan. Gainera, Zadorra ibaiak alerta gorrian jarraitzen du Abetxukun.
Atzo Oria eta Urumea ibaiek (Gipuzkoa) alerta gorrian egon ziren, baina horien mailak behera egin du eta, aurreikuspenen arabera, atertzera egingo du.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak jakinarazi duenez, arazo handienak Araban izan dira azken orduotan.
Kalteak Gipuzkoako errepideetan
Bestalde, azken orduetako euri-jasa bortitzek kalteak utzi dituzte Gipuzkoako errepide sarean, batez ere N-1, N-634 eta GI-627 errepideetan.
Bide Azpiegituretarako Departamentuak agiri batean ziurtatu duenez, normaltasunera "lehenbailehen" itzultzeko "ahalik eta azkarren" lanean ari dira.
Aintzane Oiarbide diputatuak azaldu duenez, kaltetutako errepide guztietan premiazko lanak egiten ari dira, besteak beste, N-1, N-634 eta GI-627an.
N-1ean luizi bat gertatu da goizean, Itsasondo eta Legorreta artean, Irungo noranzkoan. Errepidea itxi behar izan dute, baina 16:00ak aldera berriro zabaldu ahal izan dute.
N-634 errepidean beste lur-jausi bat izan da, Zarautz eta Getaria artean. Gauean errepidea itxi behar izan dute. Dagoeneko errei bat zabaldu dute, eta orain behin betiko konponbide bat aztertzen ari dira.
Era berean, Eskoriatzako saihesbidean lanean ari dira, GI-627 errepidean. Errekasto parean errepidea hondoratu da, eta konpontzeko “zazpi bat aste” beharko dituzte, Oiarbideren esanetan.
Besteak beste, GI-2634 eta GI-2630 errepideetan ere luiziak gertatu dira.