Gizartea -
ERREPIDEEN EGOERA
Gatzagako mendatea itxi dute, elurragatik
Elurraren maila 800 eta 1.000 metro artean kokatuko da egunean zehar, ondorioz, arretaz gidatzea gomendatzen dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken orduotan egindako elurraren ondorioz, arazoak sortu dira bigarren mailako hainbat errepidetan. Gainera, euskal errepide sare nagusian arretaz gidatzea gomendatzen du Ertzaintzak, bidean putzuak egon daitezkeelako.
Arratsaldeko lehen orduan, Gatzagako (Gipuzkoa) mendatea itxita zegoen ibilgailu guztientzat elurragatik. Horiez gain, garai honetan urtero gertatzen den bezala, Otsagabia eta Irati lotzen dituen NA-2012 errepidea (8. kilometrotik aurrera) eta Larraul mendatea itxita daude.
Gainera, ibilgailu guztiek kateak behar dituzte NA-137 errepidean (Burgi-Izaba), Juan Pitoren bentatik aurrera.
Bestalde, Altuben, Azazetan, Barrerillan eta Opakuan arretaz gidatzea gomendatu dute.
Gaur egun osoan zehar euria erruz egitea aurreikusi dute, eta elurraren maila 800 eta 1.000 metro artean kokatuko da.