Gizartea -
NAFARROA
56 etxe hustu dituzte Antsoainen, iraulitako kamioiak Argara erregaia isuri ostean
Bizilagunak goizaldean itzuli ahal izan dira etxera. Bestalde, istripua izan duen kamioia erretiratu dute eta goizaldean ireki dute PA-30 errepidea bi norabideetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
56 etxebizitza jendez hustu dituzte bart Antsoainen, gai arriskutsuak zeramatzan kamioi zisterna bat irauli eta Arga ibaira gasolioa isuri ostean. Iruñeko ingurabidean (PA-130 errepidea) gertatu zen ezbeharra atzo arratsaldean, eta kamioiak 10.000 litro gasoil isuri zituen. Erregaia Arga ibaira eta etxeetara iritsi zen.
Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, kamioiak dituen lau deposituetako bateko erregaia isuri da.
Isuriaren ondorioak arintzeko asmoz, Nafarroako larrialdi zerbitzuek Cordovilla eta Trinitarioseko suhiltzaileak, uretako erreskate taldea eta basozainak mobilizatu zituzten. Argan ere lan egin zuten, isuria geldiarazteko. Hala ere, ordurako gasolioa ibairaino heldu zen euri-uren kanalizaziorako bideetatik.
Bestalde, erregaia ateratzeko maniobrak egin baino lehen oztopoak jarri zituzten, bai lehorrean eta baita Arga ibaian ere. Gainera, segurtasun perimetroa ezarri zuten eta, badaezpadako neurri gisa, istripua izan den tokitik gertu dagoen etxebizitza eraikina jendez hustu zuten.
01:45ean amaitu dute erregaia batetik bestera mugitzen, eta bizilagunak goizaldean itzuli ahal izan dira etxera. Halaber, PA-30 errepidea erabat zabalik gelditu da 03:15ean, bi norabideetan.
Erregaia ateratzeko eta kamioia erretiratzeko bi garabi behar izan dituzte.