Gizartea -

Madril

Bi ume hil dira Getafeko etxebizitza batean izan den sutean

Handik gutxira, aita hilda topatu dute, tren batek harrapatuta. Poliziak uste du gizonak piztu duela sua eta ondoren bere buruaz beste egin duela, dirudienez, genero indarkeria kasu batean.

Suhiltzaileek topatu dituzte haurren hilotzak. Argazkia: EFE
Suhiltzaileek topatu dituzte haurren hilotzak. Argazkia: EFE
Bi ume hil dira Getafeko etxebizitza bateko sutean

1:34

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

8 eta 13 urteko neba-arrebak hil dira bart Getafeko (Madril) etxebizitza batean izan den sutean eta haren aita hilda topatu dute inguruko tren-geltoki batean trenak harrapatu ostean, Madrilgo Larrialdi Zerbitzuek jakinarazi dutenez.

Dirudienez, indarkeria matxista kasu bat litzateke, bikoteak banatzeko prosezua hasita zuen eta, aurretik tratu txarren salaketarik ezta urruntze agindurik egon ez bada ere.

Sutea 20:30 aldera piztu zen Getafeko Benjamin Palencia kaleko etxebizitza batean. Suhiltzaileak bertaratu ziren eta berehala itzali zuten sua. Garrek etxearen zati bat soilik kiskali zuten, baina sua amatatzean bi umeen hilotzak aurkitu zituzten.

Umeak bakarrik eta giltzapetuta zeuden etxean sua piztu denean, ikertzaileek Europa Pressi adierazi diotenez.

Ama ospitalera eraman behar izan zuten, antsietate krisiak jota.

Handik gutxira egiaztatu zuten Getafeko geltoki batean trenak harrapatuta hil zen gizonezkoa ume horien aita zela.

Hipotesi nagusiaren arabera, aitak nahita piztu zuen sua eta ondoren ihesi joan zen eta bere buruaz beste egin zuen.

A.G.L. zen gizona, 46 urtekoa, espainiarra eta aurrekaririk gabekoa. Atzo umeekin batera eman zuen arratsaldea, familiaren etxebizitzan, Benjamen Palencia kalean.

Getafeko Udalak hiru dolu egun ofizial ezarri ditu umeen heriotzagatik, gaurko ekitaldi ofizial guztiak bertan behera utzi eta bilkura bat deitu du 12:00etarako Udaletxean.

Nolanahi ere, Poliziak ikerketarekin aurrera jarraitzen du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak bideoak Gaurko titularrak Madril Etxebizitza