Gizartea -
MARTXOAREN 8AREN HARIRA
Lilaz jantzi da Donostia
Lilatoia emakumeen lasterketak 5 kilometroko ibilbidea izango du, eta 10:30ean Boulevarden hasi eta bertan amaituko da, inoizko parte-hartze handienarekin.
EITB.EUS
Dena prest dute Donostian igandean egingo den Lilatoirako. 29. edizioa inoizko jendetsuena izango da eta, lehen aldiz, 6.000 lasterkariren langa gaindituko da, (6.050 zehazki), Atletico San Sebastianeko antolakuntzak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Berdintasuna aldarrikatzeko emakumeen lasterketa 10:30ean Boulevarden hasi eta bertan amaituko da, eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan domina lortu zuen Izaskun Osesek kirolari paralinpikoak emango dio hasiera.
Parte-hartzaileen jatorriari dagokionez, 5.366 Gipuzkoak dira (% 89) —horietatik 1.355 Donostiakoak (% 25,25)—, 387 Bizkaikoak, 145 Nafarroakoak eta 70 Arabakoak. Halaber, Iparraldeko, Madrileko, Bartzelonako, Murtziako eta Kantabriako korrikalariak ere izango dira.
Aurten, hiru talde handiren parte-hartzea nabarmendu nahi du antolakuntzak: Legazpiko Haztegi ikastola (200 lasterkari), Ordiziko Jakintza ikastola (120 lasterkari) eta Urretxu-Zumarragako ikastola (100 lasterkari).
Parte-hartzaile guztiek bisera eta kamiseta bana lortuko dute. Halaber, ostiralean edo larunbatean dortsala jaso beharko dute Okendo kaleko 9. zenbakian, 11:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 20:00etara.
Aurtengorako aukeratutako leloa "Itzaletik Argira" da eta esanahi bikoitza du, antolatzaileen esanetan: "Alde batetik, Begisare Elkartearen helburua nabarmentzen du eta, bestetik, bizitzaren alor guztietan berdintasuna lortzearen beharra azpimarratu nahi du. Begisare Elkarteak retinosis pigmentarioa dutenen bizi kalitatea hobetzea, ikerketa bultzatzea eta gizarte sentsibilizazioa sustatzea dira.
PROGRAMAZIOA
09:40 Beroketa. Aero-Zumba Boulevardeko kioskoan Heliane Costarekin.
10:00 Argazki jendetsua Begisare elkartearekin. Kono bana banatuko diete beroketa egiten ari diren parte-hartzaileei. Kono hori begian jarri beharko dute eta modu horretan retinosis pigmentarioa dutenek ikusten dutena sentituko dute.
10:30 Lilatoiaren hasiera
11:30 Sari banaketa Alderdi Ederren batukadaren erritmoan.
Hiru talde jendetsuenak sarituko ditu antolakuntzak: Haztegi Ikastola, Jakintza Ikastola eta Urretxu-Zumarraga Ikastola. Halaber, irabazleari Lilatoiko txapela jarriko diote.
12:30 Lilapotea Alderdi Ederretik hasita trikitilariekin alaituta (Ordizi, Rekalde, Eiger, Herria, Aurresku + Dj Miau)
Goizean-goizetik festa giroa izango da nagusi Donostiako kaleetan. Hala, trikitilariak izango dira ibilbidean zehar, 3Txulo txaranga Artzai Onaren plazan, Irudi Ots taldea Nafarroa etorbidean eta batukada, ostera, Kursaalen.