Gizartea -

ETXEBIZITZA

Eusko Jaurlaritzak alokairuko 162 etxebizitza eraikiko ditu Txurdinaga eta Arangoitin

Aurreikuspenak betetzen badira, abuztuko oporren aurretik esleituko dira, lanak irailean hasiko dira, eta bi urteko epean eginda egongo dira.

Bilbo. Artxiboko argazkia: Agenttziak
Bilbo. Artxiboko argazkia: Agenttziak
Bilbo. Artxiboko argazkia: Agenttziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak alokairuko 162 etxe eraikiko ditu Bilbon, gazteentzako 107 pisu Txurdinagan eta 55 etxebizitza sozial Arangoitin. Aurreikuspenen arabera, udako oporren aurretik esleitu, lanak irailean hasi eta bi urteko epean eginda egongo dira.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza bi proiektuak aurkeztu ditu gaur goizean Bilbon.

Lehen proiektuaren baitan, 107 etxe eraikiko dira 35 urte arteko pertsonentzat. 2.082 metro koadroko azalera duen lorategi-lurzati batean eraikiko da, Orueta kalean. behe-solairua eta lau altuera izango ditu, 107 aparkaleku plaza eta 43 trasteleku. 107 etxebizitza horietatik 81ek dependentzia bakarra izango dute eta gainerako 26ak, berriz, logela bat. Azken horietako hiru gainera mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta egongo dira. Proiektuak 10,6 milioi euroko aurrekontua izango du.

Alokairurako etxebizitza horietarako aurreikusi den gehieneko epea bost urtekoa da, asmoa ez baita gazte esleipendunak apartamentu horietan behin betiko geratzea, aldi horretan familiartean bizitzeko etxebizitza egonkorrago bat aurkitzea baizik. Kanon bat ordainduko dute hilero, bizitokiaren eta beren errentaren arabera (250 eta 300 euro artean).

Bigarrenak, berriz, Arangoitin 55 etxebizitza sozial eraikitzea du helburu. Proiektua Ganeta mendiko hegoaldeko hegalean egingo da, ur-deposituaren ondoan. Proiektua, nolanahi ere, aldapa handiak baldintzatzen du. Hori dela eta, mailakako bi bloke eraikiko dira, bata 24 etxebizitzakoa eta bestea 31koa. Bi blokeetarako sarbidea emango duen gune bat egongo da tartean. Aurreikusitako inbertsioa 5,2 milioi eurokoa da.

Etxebizitzak esleitzeko garaian hautagaien diru-sarrerak zenbatekoak diren eta Etxebiden noiztik izena emanda dauden hartuko da kontuan.

Etxebiden alokairuko etxebizitza bat eskatzeko izena eman duten 51.171 pertsonetatik, 10.524 logela bateko etxebizitzak eskatzen dituzten 35 urtetik beherako gazteak dira. Etxebiden izena emanda daudenetatik 28.000k Bilbon nahi dute etxea.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Jaurlaritza Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Etxebizitza Deustu Txurdinaga gaur