Gizartea -

ELKARRETARATZEA ERMUAN

Ermuak Inocencio Alonso herriko ertzainaren heriotza gaitzetsi du

Bihotzekoak jota hil zen, Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko Europa Ligako partidaren atarian San Mames ondoan gertatu ziren istiluetan. Larunbatean 19:00etan egingo dute haren aldeko hileta.

Ermuko elkarretaratzea. ETBren bideotik ateratako irudia.
Ermuko elkarretaratzea. ETBren bideotik ateratako irudia.
Ermuko elkarretaratzea. ETBren bideotik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ermuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez gaitzetsi du Inocencio Alonso herriko ertzainaren heriotza, atzo, Bilbon, San Mames inguruko istiluetan. Udalean ordezkaritza duten talde guztiek agiri bateratu bat adostu dute eta indarkeria adierazpen oro gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi diete hildakoaren senide eta lagunei.

Ermuko PSE-EE, EH Bildu, EAJ, Ermua Ahal da, PP eta Irabazik bat egin dute. Agirian, elkartasuna adierazi diete senideei, hurbilekoei, lagunei, lankideei eta, oro har, Ertzaintzaren unitate osoari.

Halaber, indarkeria adierazpen oro irmoki gaitzetsi dute. Agirian diotenez, indarkeriaren erabilera ulertezina da eta, are gutxiago, kirolean. Kirolak aisialdirako eta gozamenerako aitzakia izan beharko luke eta ez tentsiorako, krispaziorako edota zorigaitzerako arrazoi.

Bestalde, 15 minutuko elkarretaratzea egin dute, 13:00etan, Ermuko udaletxearen atarian eta bertan Udaleko kideez gain herritarrek ere parte hartu dute.

Azkenik, Udaleko iturriek azaldu dutenez, behin autopsia eginda 16:00etan eramango dute hilotza herriko beilatokira. Inocencio Alonsoren aldeko hileta elizkizuna larunbatean izango da Ermuko Santiago elizan, 19:00etan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola estatuko azken ordukoa Bilbo Ertzaintza Zer gertatu da gaur Bizkaian? San Mames Zelaia Ermua berriak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea