Gizartea -
Gipuzkoa
Pertsona bat hil da Urretxuko etxebizitza batean izan den sutean
Antza denez, sute txiki bat izan da biktimaren logelan, goizaldean, ustez kea arnastuta hil da. 60 urteko gizonezkoa da hildakoa.
i.g. | eitb.eus
60 urteko gizonezko bat hil da gaur, ostirala, Urretxuko (Gipuzkoa) etxebizitza batean izan den sutean.
Suhiltzaileek eitb.eusi azaldu diotenez, auzokoek etxebizitzari kea zeriola antzeman dute, eta larrialdietarako zerbitzuak jakinean jarri dituzte 05:15 inguruan. Sua San Martin kaleko 7 zenbakiko laugarren solairuan piztu da.
Etxebizitzan sartu direnean, biktimaren hilotza topatu dute, lurrean etzanda zegoela. Antza denez, medikuaren baieztapena falta bada ere, kea arnastuta hil omen da. Hildakoa 60 urteko gizonezkoa zen.
Gainera, etxean sartu direnerako sua itzalita zegoen. Dirudienez, koltxoia astiro erre da, garrik eragin gabe. Hormak belztuta daude, baina suak ez du kalte handirik eragin.