Gizartea -
CABACAS AUZIA
Fiskaltzak ez du deliturik ikusten Cabacas auzian eta inputatuen absoluzioa eskatu du
Ministerio Publikoaren ordezkari gisa baino defentsa abokatu moduan jardutea leporatu dio Iñigo Cabacasen familiak fiskalari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pilar Gimenez Iñigo Cabacas auziko fiskalak ez du deliturik ikusten 2012ko apirilaren 5eko gaueko Ertzaintzaren jardunean, hain zuzen ere, Basauriko gazteak Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuen gauean. Cabacas bost egunera hil zen ospitalean. Fiskalak, gainera, sei inputatuen absoluzioa eskatu du.
Hamaika lerroko bere idatzian fiskalak dioenez, 2012ko otsailaren 5eko gauean "ez zen deliturik izan. Haren esanetan, gau hartan, 23:30ak aldera, identifikatu gabeko "hainbat agentek gomazko pilotak jaurti zituzten" eta horietako batek Iñigo Cabacas jo zuen, heriotza eraginez.
Fiskaltzaren idatziaren arabera, ikerketa eginagatik ere ezin izan dute ondorioztatu Cabacasen heriotza eragin zuen pilota nork jaurti zuen eta agindua nork eman zuen. Beraz, "deliturik ez dagoenez, ez dago delitugilerik".
Ildo horretan, sei inputatuen absoluzioa eskatu du: hiru ertzainburu eta hiru ertzain.
Bestalde, Ministerio Publikoaren ordezkari gisa baino defentsa abokatu moduan jardutea leporatu dio Iñigo Cabacasen familiak fiskalari.
Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak salatu duenez, gau hartan zer gertatu zen argitzeko ikerketa bultzatu ordez froga berriak ez eskatzea eta erabaki judizialen kontrako helegiteak jartzea erabaki du fiskalak.