Gizartea -
HIZKUNTZA ESKAKIZUNAK
LEPetan euskara aintzat hartzea eskatu dio Zupiriak Estatuko Administrazioari
Kultura sailburuaren iritziz, Ciudadanosek ekimen "baztertzailea" proposatu du Estatuko lan eskaintza publikoetarako, erdal hiztunek eskubide guztiak dituztela adieraziz, eta besteek, berriz, ez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Estatuko administrazioak euskararen inguruan duen jarrera aldatu beharko lukeela, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan lan eskaintza publikoak egiten dituenean, egungo egoera soziolinguistikoa aintzat hartu beharko lukeela, hizkuntza eskakizunak horren arabera planteatuz.
Europa Press berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Espainiako Gobernuak EAEn egin duen 340 lanpostuko azken lan eskaintza publikoak euskararen ezagutzarik ez eskatzea izan du hizpide Bingen Zupiriak.
Bere ustez, Estatuko administrazioak "alde batera" utzi du bere funtzionamenduan "euskararen normalizazioarekin izan beharko lukeen konpromisoa". Espainiar administrazioaren jokabideetan eta ekintzetan hala islatzen dela iritzi dio, hau da, "euskararen kontu hauek gure kontuak direla, ez dutela zerikusirik beraiekin, ez dela beraien ardura eta ondarea, eta ez dute hizkuntzaren aldeko erabakirik hartzen beren esparruetan".
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan, "Estatuko administrazioak aldatu egin beharko luke jarrera hori, eta EAEn lanpostuak sortzen dituenean, aintzat izan beharko luke zein den gure egoera soziolingustikoa eta horren arabera planteatu hizkuntza eskakizunak, Estatuak ematen digun aurrez aurreko edo idatzizko zerbitzu hori modu naturalean izan dadin gaztelaniaz eta euskaraz". "Horrek ez du esan nahi funtzionario guztiei C2 eskatu behar zaienik, baizik eta herri eta eskualde bakoitzaren egoera sozioliguistikoari begiratuta, zerbitzua euskaraz eman dezaketen funtzionarioak izan beharko lituzkeela Estatuko Administrazioak" esan du.
Ciudadanosen azken proposamena kritikatu du
Ildo horretan, aste honetan Ciudadanosek Diputatuen Kongresuan aurkeztu duen ekimena (euskara, katalana edo galegoa funtzionarioentzat baldintza izan ez daitezen), "baztertzailea" dela esan du, eta ideia bat trasmititzen duela: "hemen hizkuntza bat eta nagusia dagoela, eta besteak bigarren mailakoak direla. Gaztelaniaz bakarrik hitz egiten duten herritarrek eskubide guztiak dituztela, eta gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat hitz egiten dugunok, berriz, ez".