Gizartea -
Trafikoa
Herrerako mendatea itxita dago kamioientzat, elurragatik
Nafarroan itxita daude NA-137 Burgi-Izaba errepidea (Belaguako mendatea) eta Aralargo San Migelera doan NA-7510 errepidea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Datozen orduetan elur-maila asko jaistea aurreikusten bada ere, goizean zehar elurrak ez du inolako arazorik sortu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako errepide sare nagusian.
Elurra dela eta, Arabako Herrerako mendatea erabat itxita dago kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat eta autoek kateak edota neguko gurpilak behar dituzte.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arretaz gidatzea gomendatzen du Arabako Azazeta eta Bernedo mendateetan.
Bestalde, Foru Gobernuak jakinarazi duenez, Nafarroan erabat itxita daude NA-137 Burgi-Izaba errepidea (Belaguako mendatea), 55. kilometrotik aurrera, eta Aralargo San Migelera doan NA-7510 errepidea, 4. kilometrotik aurrera. Halaber, kateak behar dira NA-137 Burgi-Izaba errepidean, 45. kilometrotik aurrera.
Horiez gain, Pirinioetara mugatzen dira arazoak. Otsagabia eta Irati lotzen dituen NA-2012 errepidea (8. kilometrotik aurrera) eta Zaraitzu-Larrauko mendatea itxita daude eta neguko errepide zerbitzurik gabe egongo dira.
N-634 errepidea itxita, Zumaian, luizi batengatik
Itxita jarraitzen du N-634 errepideak Getaria eta Zumaia artean, larunbatean izandako lur-jausia dela eta. Luizia 12:30ak aldera gertatu zen eta lurra zein harri asko erori zen.
Lurra erretiratu badute ere, badaezpadako neurri gisa errepidea itxita mantentzea erabaki dute.