Gizartea -

Hezkuntza

Gaur hasiko da 2018-19 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina

Aurrematrikulazio kanpaina otsailaren 9an amaituko da, baina egun bat lehenago bukatuko da Internet bidez eginez gero.

Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE
Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018-2019 ikasturtean unibertsitatekoa ez den hezkuntzan aurrematrikula egiteko epea gaur hasi eta otsailaren 9ra arte egongo da zabalik. Internet bidez eginez gero, egun bat lehenago amaituko da epea, otsailaren 8an.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aurrematrikula egiteko kanpainaren aurtengo leloa honakoa da: "Handitzen, handitzen… mundua eskura izateko".

Aurten, bestalde, aldatu egin dituzte ikastetxeren batean sartzeko eskarien kopurua eskaintza baino handiagoa denean ezartzen diren neurriak.

Familiaren urteko gehienezko errentari dagokion puntuazioak behera egingo du (3tik 1,5era), eta harrera familien kasuetan ere izango dute kontuan.

Kooperatibista izateagatik, 2 puntutik batera jaitsi da puntuazioa. Puntu erdi (0,5) emango zaio ikasleari, bizilekua EAEn izan baina eskatutako ikastetxearen eragin-eremutik eta eremu mugakidetik eta eskatutako ikastetxearen udalerritik kanpo badauka.

Ez da puntuazio aldaketarik, beste hauei dagokienez: bizilekuaren hurbiltasuna (ez eragin-eremuagatik ez eremu mugakideagatik eman ohi den puntuazioa), ikastetxean matrikulatutako neba-arrebak, familia ugaria edo desgaitasuna.

Aurten berriro ere, eta bizilekuaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioa dela-eta, Hezkuntza Sailak errolda-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko du, agiri horien erabilera irregularrik izan ez dadin.

"Iruzurra" errolda-ziurtagirietan

Ikastetxe jakin batean plaza lortu ahal izateko, errolda-ziurtagirietan egiten den iruzurra aipatu zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den astean egindako aurkezpenean. Hezkuntza Sailak errolda-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko du, agiri horien erabilera irregularrik izan ez dadin.

Hezkuntza sailburuak azaldutako datuen arabera, joan den ikasturtean 20.000 ume matrikulatu ziren Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 464 eskari ikuskatu zituzten. 69 kasutan puntuak kendu zituzten, ohikoa ez den etxebizitza bateko errolda-ziurtagiria aurkezteagatik. Aurreko urtean, berriz, 100 baino gehiago izan ziren.

Eskarien zerrenda otsailaren 20an argitaratuko dute, eta behin-behinean esleitutako plazak, martxoaren 1ean. Martxoaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

Behin betiko zerrenden berri martxoaren 22an emango dute, eta apirilaren 23ra arte egongo da zabalik helegitea jartzeko epea. Apirilaren 11n, bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak jarriko dituzte ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak