Gizartea -

IKERKETA

Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria zantzurik

Berrizko gaztearen senide eta lagunek osatutako taldea ari zen bilaketa-lanetan, eta pinudi batean aurkitu dute. Duela egun batzuk bere arropa agertu zen tokitik gertu aurkitu dute hilotza.

Urrunaga urtegia, boluntarioak eta Ertzaintza. Argazkia: EFE
Urrunaga urtegia, boluntarioak eta Ertzaintza. Argazkia: EFE
Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria zantzurik

1:11

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria arrastorik lehen ikerketaren arabera, eta autopsiak argituko du heriotzaren zergatia.

Abenduaren 30etik desagertuta zegoen gaztea gaur goizean topatu dute Urrunaga urtegian, Legution. Berrizko gaztea aurkitzeko bilaketa lanak egiten ari ziren senideek eta lagunek topatu dute 09:00ak aldera. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko buruak jakitera eman duenez, Jon Barcena Amezuaren senide batek baieztatu egin die aurkitu duten hilotza gaztearena dela. Hala, identifikazioa ofiziala izateko autopsia falta den arren, "datu guztien arabera Barcena" dela adierazi du.

"Txopera" izeneko pinudi batean aurkitu dute gorpua, iristeko zaila den toki batean. Segurtasun Sailak zabaldu duen ohar baten arabera, bai Ertzaintza bai boluntarioak bila ibilita zeuden inguru horretan, baina ez zuten aurkitu gaur arte.Polizia zientifikoa bertaratu, eta 14:30 aldera, gorpua eramateko baimena eman du epaileak. Gasteizko Medikuntza Auzitegi Institutura eraman dute gorpua autopsia egitera.

Ikerketa irekita dauka Ertzaintzak, identifikazio ofiziala egin eta kasuaren nondik norako guztiak argitzeko.

Aurkikuntza eta boluntarioen lekukotza

Goizean goiz aurkitu du Jon Barcenaren gorpua bilaketa-lanetan zebilen Gurutze Gorriko kide batek. Izan ere, Berrizko gaztearen familiak antolatuta, senideek eta lagunek osatutako bilaketa taldea ari zen goizean goizetik urtegiaren ingurua miatzen, 100 lagun inguru. Gorpua aurkitu eta berehala eman diete abisua urtegiaren barruan miaketa lanak egiten ari ziren Ertzaintzako urpekariei.

Julen Arzuaga legebiltzarkidea boluntario lanetan ari zen une horretan, eta Euskadi Irratiari kontatu dionez, bi autobusetan irten dira Berriztik senide eta lagunak bilaketa egitera. Urtegitik gertu, pinudi batean, txabola baten ondoan, aurkitu dute Jon Barcenaren gorpua. Arzuagak azaldu duenez, inguru horretan eginak ziren aurretiaz bilaketa-lanak.

 

 

Estefania Beltran de Herediak baieztatu egin du zonalde horretan eginak zituztela bilaketak. Horregatik, ikerketa amaierara iritsi arte itxaron egin behar dela ondorioak ateratzeko esan du: "Basoan aurkitu dute gorpua. Bere arropa agertu zen tokitik gertu, 200 bat metrora".

Gorka Camara boluntarioen bozeramaileak azaldu duenez, sarbide zaila du gorpua aurkitu duten tokiak: "Bilaketa-lanak egin ziren inguru horretan, baina gaur jende gehiago etorri denez, zehaztasun gehiagorekin arakatu ahal izan dugu" azaldu du.

Abenduaren 30ean desagertu zen

19 urteko gaztea abenduaren 30ean desagertu zen, Gorbeiara lagunekin joan eta gero. Antza, bide erdian ondoezik sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen. Autoa aparkatuta zuten lekura itzultzean ohartu ziren lagunak Barcena han ez zela, eta larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Ordutik, gaztearen bila dabiltza.

Hiru egunez Gorbeian bilatu zuten Barcena. Urtarrilaren 3an, baina, gune horretatik kanpo zegoela adierazten zuten "zantzuak" azalduta, Urrunagako urtegian bilatzeari ekin zioten. Izan ere, inguru horretan gaztearen giltzak eta diru-zorroa agertu ziren.

Hurrengo egunean bere mendiko botak eta motxila aurkitu zituzten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Berriz Gorbeia mendia Durangaldea albisteak