Gizartea -

GERTAKARIAK

Jon Barcenaren gorpua aurkitu dute boluntarioek, Urrunaga urtegiaren inguruan

Berrizko gaztearen senide eta lagunek osatutako taldea bilaketa-lanetan ari zen goizen, pinudi batean aurkitu dutenean. Ertzaintzak esan du gorpuak ez duela indarkeria zantzurik.

Urrunaga urtegia, boluntarioak eta Ertzaintza. Argazkia: EiTB.
Urrunaga urtegia, boluntarioak eta Ertzaintza. Argazkia: EiTB.
Senideek eta lagunek aurkitu dute Jon Barcenaren hilotza Urrunaga urtegian

1:46

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Barcena Berrizko gaztea aurkitzeko bilaketa lanak egiten ari ziren senideek eta lagunek gaztearen gorpua aurkitu dute gaur goizean Urrunagako urtegiaren inguruan, Legution. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko buruak jakitera eman duenez, Jon Barcena Amezuaren senide batek baieztatu egin die aurkitu duten hilotza gaztearena dela. Hala, identifikazioa ofiziala izateko autopsia falta den arren, "datu guztien arabera Barcena" dela adierazi du.

Segurtasun sailburuak doluminak eman dizkie Berrizko gaztearen senideei, eta eskerrak, laguntza eman duten herritar guztiei.

Ertzaintzak EiTBri azaldu dionez, 09:00etan aurkitu du gorpua bilaketa-lanetan zebilen Gurutze Gorriko kide batek. Izan ere, Berrizko gaztearen familiak antolatuta, senideek eta lagunek osatutako bilaketa taldea ari zen goizean goizetik urtegiaren ingurua miatzen, 100 lagun inguru. Gorpua aurkitu eta berehala eman diete abisua urtegiaren barruan miaketa lanak egiten ari ziren Ertzaintzako urpekariei.

Boluntarioen lekukotzak

Julen Arzuaga legebiltzarkidea boluntario lanetan ari zen gaur goizean, eta Euskadi Irratiari kontatu dionez, bi autobusetan irten dira Berriztik senide eta lagunak bilaketa egitera. Urtegitik gertu, pinudi batean, txabola baten ondoan, aurkitu dute Jon Barcenaren gorpua. Arzuagak azaldu duenez, inguru horretan eginak ziren aurretiaz bilaketa-lanak.

Gorka Camara boluntarioen bozeramaileetako batek azaldu duenez, sarbide zaila du gorpua aurkitu duten tokiak: "Bilaketa-lanak egin ziren inguru horretan, baina gaur jende gehiago etorri denez, zehaztasun gehiagorekin arakatu ahal izan dugu" azaldu du. Sastraka askoko tokia omen da.

Estefania Beltran de Herediak baieztatu egin du zonalde horretan eginak zituztela bilaketak. Horregatik, ikerketa amaierara iritsi arte itxaron egin behar dela ondorioak ateratzeko esan du: "Basoan aurkitu dute gorpua. Bere arropa agertu zen tokitik gertu, 200 bat metrora".

Indarkeria zantzurik ez

Behin gorpua topatu dutenean, Polizia zientifikoa bertaratu, eta 14:30 aldera, gorpua eramateko baimena eman du epaileak. Gasteizko Medikuntza Auzitegi Institutura eraman dute autopsia egitera.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hilotzak ez du indarkeria arrastorik lehen ikerketaren arabera, eta autopsiak argituko du heriotzaren zergatia.

Abenduaren 30ean desagertu zen

19 urteko gaztea abenduaren 30ean desagertu zen, Gorbeiara lagunekin joan eta gero. Antza, bide erdian ondoezik sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen. Autoa aparkatuta zuten lekura itzultzean ohartu ziren lagunak Barcena han ez zela, eta larrialdi zerbitzuei deitu zieten. Ordutik, gaztearen bila dabiltza.

Hiru egunez Gorbeian bilatu zuten Barcena. Urtarrilaren 3an, baina, gune horretatik kanpo zegoela adierazten zuten "zantzuak" azalduta, Urrunagako urtegian bilatzeari ekin zioten. Izan ere, inguru horretan gaztearen giltzak eta diru-zorroa agertu ziren.

Hurrengo egunean bere mendiko botak eta motxila aurkitu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Araba Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Berriz Durangaldea azken ordukoa