Gizartea -
Bilbo
Fiskaltzak adingabeen zentroak zainduko ditu, kontrol zuzena izateko
Auzitegi Goreneko adingabeen fiskal koordinatzaileak esan duenez, Bilboko Adingabeen Fiskaltza zentroak ikuskatzen ari da, gazte batzuk zergatik ez dituzten aurkitzen jakiteko, babespean dituen arren.
EITB.EUS
Jose Javier Huete Auzitegi Goreneko adingabeen fiskal koordinatzaileak esan duenez, sistema guztiek, "eta ez Fiskaltzak soilik", autokritika egin behar dute, Bilbon izan diren azken gertaeren ostean: batetik, 14 urteko bi gaztek adineko senar-emazteak hil dituzte Otxarkoagan, eta, bestetik, bi adingabek (13 eta 16 urte dituzte) gizon bat hil zuten Bilbo hirigunean, hari lapurtzen saiatu zirenean.
Jose Javier Hueteren hitzetan, delituak zergatik errepikatu dituzten aztertu behar da: "Lehenik eta behin, zergatik iritsi diren delitugintzara galdetu beharko genuke, eta, bestetik, berriz aztertu beharko da kasu jakin batzuetan erakunde publiko baten babespean dauden edo epai judizial batek jarritako neurri zuzentzaileak dituzten gazteek zergatik uzten dioten aipatu erakunde horren kontrolpean egoteari".
Horren harira, Huetek iragarri du Fiskaltza dagoeneko hasi dela zentroak ikuskatzen, eta "Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan indartu egingo dira bai zentroak ikuskatzea bai espedienteen kontrolak, eraginkortasunik handienaren bila, hori delako azken batean guztiok nahi duguna", nabarmendu du.
Huetek azaldu duenez, Bilboko adingabeen fiskalak "jarduteko modua berraztertzen ari dira, gazteen zentroetako bisiten programa eguneratuz, kontrol zuzena izateko, eta espedienteak begiratuz, neska-mutil horietako batzuk zergatik ez dituzten aurkitzen jakiteko, eta arduradunak, bai poliziak eta bai erakunde publikoak, haiek aurkitzeko eta dagokien erakundearen babespean jartzeko zer egiten ari diren jakiteko".
Adingabeen delituak
Auzitegi Goreneko adingabeen fiskal koordinatzaileak emandako datuen arabera, iaz argitaratutako memoriak ez du gazteek Euskadin egindako hilketarik jasotzen; beraz, kasu hauen atzean dagoen arrazoia aztertzea eskatu du.
Delitu mota horien bilakaeraren inguruan galdetuta, Huetek esan du "gora egiten ari diren delituak" daudela, estatistikek aditzera eman dutenez, eta, halere, "beste batzuk egonkor mantentzen edo murrizten ari dira". "Indarkeria jokaerek indarra hartu dutela ikusi dugu", zehaztu du.
Gorakada hori izan duten delituak, besteak beste, lesioenak eta erasoenak direla azaldu du fiskalak.
Hueteren hitzetan, datu hauek "doako indarkeriaz jokatzeko zergatia bilatzera eramaten gaituzte, eta zergatik ez diren erabiltzen duten indarkeria neurrigabea dela barneratzeko gai, edo ez duten behar bezala baloratzen. Hori da kezkatu behar gaituena", azpimarratu du.
Indarkeria ezereztea
Jose Javier Hueteren ustez, indarkeria ezereztu egiten da. "Gauza txikietan hasten diren adierazleak ikusi besterik ez dago, besteak beste, gazteen arteko harreman pertsonalak, edo genero ikuspegia, adingabeek bikotekideekin izandako jokaera batzuk nola normaltzat hartzen dituzten ikustea, indarkeriazkoak izan arren".
Online edo ordenagailuko joko batzuei buruz ere hitz egin du, indarkeriazko ingurua baitute, eta gazteek denbora asko pasatzen baitute inguru horretan; "ondorioz, halako batean, gazteak ez dira errealitatea eta fikzioa bereizteko gauza izaten", azaldu du. Helduek errazago bereizi ohi dutela gaineratu du.
Horren iritziz, egungo sisteman hezkuntza katearen maila guztiek huts egiten dute, gazteentzako erreferente sozial izateari utzi baitiote "eskolak, familiak, gurasoek… eta gainerako beste helduek".