Gizartea -
Lurraren berotzea
2015, 2016 eta 2017, urterik beroenak erregistroak daudenetik
Munduaren batezbesteko tenperaturak 1,1 gradutan gainditu zuen industria aurreko arokoa 2017an.
Agentziak | Erredakzioa
MMEren eta NOAAren txostenek 2017a hiru urte beroenen artean kokatzen dute 1880az geroztik, aurreko bi urteekin batera. NASAren arabera, aldiz, 2017a 2016ak soilik gaindituko luke, nolanahi ere berotze globala baieztatuz.
MMEk (Munduko Meteorologia Erakundea) adierazi duenez, 2016ak munduko errekorra du, Lurreko urterik beroena izan baitzen, 1880an erregistro moderno homologagarriak hasi zirenetik. Baina 2017a El Niño Hegoaldeko Oszilaziorik gabeko urterik beroena izan dela azpimarratu du erakundeak; izan ere, fenomeno horrek tenperaturen gorakada eragiten du munduan.
Horrela, munduaren batezbesteko tenperaturak 1,1 gradutan gainditu zuen industria aurreko arokoa 2017an. Bitartean, 2016ak beroena izaten jarraitzen du, industri aurreko aroaren tenperatura 1,2 gradutan gainditu baitzuen. 2015ean zein 2017an munduko tenperaturak 1,1 gradu altuagoak izan ziren, industria aurreko arokoak baino.
NASAren hitzetan, lurrazalaren tenperatura globalak 1880tik bigarren beroenak izan ziren 2017an.
Berotzea epe luzera
Epe luzera Lurraren berotzearekin jarraitzeko joerak jarraitzen du. 2017ko batezbesteko tenperaturak 1951tik 1980ra baino 0,90 gradu beroagoak izan ziren, NASAko Goddard Azterketa Espazialen Institutuko (GISS) zientzialariek New Yorken azaldu dutenez. 2016ko tenperatura globalek gainditzen dute datu hori.
Azterketa bereizi eta independente batean, Administrazio Nazional Ozeaniko eta Atmosferikoko (NOAA) zientzialariek 2017a historiako hirugarren urte beroena izan zela ondorioztatu dute.
El Niño edo La Niña bezalako fenomenoek Ozeano Barea berotu edo hozten dute, eta haize eta klima patroi globalen aldaketak eragiten dituzte epe laburrera. El Niñoren berotzeak 2015ean eta 2016ko lehen herenean eragina izan zuen.
2017ko azken hilabeteetan El Niñorik gabe eta La Ñiñaren eraginarekin, iazko tenperaturak 2015ekoak eta 2016koak bezalakoak izan ziren, NASAren erregistroetan.
Azterketa batean El Niñoren eta La Niñaren eragina ezabatu zuten erregistrotik, eta hala ere, 2017a urterik beroena izango litzateke.
Berotze joerak indartsuagoak dira eskualde artikoetan. Horrela, 2017an zehar izotzak atzera egin zuen etengabe.