Gizartea -
Denboralea
Uholdeek kaltetutako Bizkaiko udalerriak garbiketa lanetan murgildu dira
Muxikan, Gernika-Lumon eta Mungian izan dira arazorik larrienak. Segurtasun Sailak bertan behera utzi du jada larrialdiei aurre egiteko plan berezia.
EITB.EUS
Atzo Bizkaiko hainbat herritan uholdeak izan ondoren, kalteak zenbatzeko eta urak ekarritako garbitzeko eguna izango dute Mungian, Gernika-Lumon eta Muxikan bereziki, baina baita Uribe Kostako, Busturialdeko eta Durangaldeko beste hainbat udalerritan ere. Azken orduetan atertzera egin du eta ibaien ur-emariak behera egin du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ondorioz, bertan behera utzi du jada uholdeei aurre egiteko atzo martxan jarritako plan berezia. Hala ere, Zadorra ibaiaren arroaren jarraipena egiten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, urtegiekin lotuta.
Goizaldean, Gatikan, Butroe ibaiaren arroan, bizi izan dute egoerarik zailena. Alerta laranja ezarri dute, baina alerta laranjatik abisu horira jaitsi dute gero. Halaber, BI-634 errepidea itxita egon da gauean Gatikan, ur-putzuak sortu baitira. Hala ere, goizeko lehen orduan ireki dute.
Erauntsiaren erakusgarri, datu pare bat: Bermeon, metro karratuko 70 litro bota ditu 24 ordutan; Muxikan, berriz, metro karratuko 24,6 litro batu dituzte ordubetean, 74 litro guztira. Euri-jasak uholdeak eragin ditu ostegun honetan Bizkaiko hainbat herri eta errepidetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ia 100 abisu inguru jaso zituzten atzo arratsaldean uholdeak eta ur putzuak tarteko, bereziki, Muxikan, Gernikan, Ibarrangelun eta Mungialdean.
Zehatz-mehatz esanda, 54 abisu ur putzuengatik, 15 lokal, garaje eta etxebizitzan sartutako urarengatik eta 17 luiziengatik. Halaber, larrialdi zerbitzuek hiru erreskate egin behar izan zituzten Muxikan, autoetan harrapatuta gelditu ziren pertsonak erreskatatzeko.
Goizean goizetik, Gernika eta Basauriko suhiltzaileak ura xukatzeko lanetan ari dira Muxikan eta Gernikan bereziki.
Atzoko euri zaparraden ostean, gaur atertzera egingo du. Goizean euri txikia egingo du oraindik han-hemenka, baina giroak hobera egingo du arratsalderako. Are gehiago, hodeitza saretuz joango da eta eguzkia ere ikusi ahal izango da.
KALTE LARRIENAK, MUXIKAN
Udalerririk kaltetuena Muxika izan da. Hainbat bizilagun etxetik atera zituzten eta senide zein lagunen etxean eman behar izan dute gaua. Muxikan, hainbat orduz itxita egon da Gernika-Lumo eta Zornotza lotzen dituen BI-635 errepidea. Hainbat ibilgailu harrapatuta geratu ziren uholdeen ondorioz, eta suhiltzaileek erreskatatu zituzten gidari eta bidaiariak.
Busturialdeko hainbat etxebizitza eta lokaletan ura sartu zen eta kalte materialak eragin zituen. Horrez gain, tren zerbitzua etenik dago Muxika eta Gernika-Lumo artean.
Aitor Goldaraz Muxikako alkateak azpimarratu duenez, ustekabean gertatu zen, ez baitzegoen inolako abisurik. Kalteen balorazioari dagokionez, oraindik ez dute zenbaketarik egin. Gaineratu duenez, asteburuan eta datorren astean zehar egingo dute.
Euriaren ondorioz, alerta laranja ezarri zuten Oka ibaian, Muxikan. Halaber, Oka ibaiak gainezka egin zuen Gernika-Lumon, eta uholdeak izan dira.
MUNGIA:
Mungian, Udaltzaingoak Butroe ibaiaren ertzetik ez igarotzeko aholkatu zien bizilagunei. Ur-putzuak eta luiziak tarteko hainbat intzidentzia zenbatu dituzte, bigarren mailako eta auzoetako errepideetan bereziki.
Muxikako alkateak egin bezala, inolako alertarik ez zegoela ziurtatu du Ager Izagirre Mungiako alkateak. Dena dela, beste herrietan baino kalte txikiagoak izan omen dira. Udalak larrialdi plana aktibatu zuen Butroe ibaiaren maila igotzen ari zela eta maila horia harrapatu zuela ikusita. Ura ponpatzeko makinak erabili zituzten garajeetatik eta beste toki batzuetatik ura ateratzeko.
Beste ibai batzuetan, alerta laranja edo abisu horia ezarri dute. Alerta laranja ezarri dute Oka ibaian, Muxikan, eta Ibaizabal ibaian, Zornotzan, eta abisu horia, berriz, Butroe ibaia, Mungian, eta Asua ibaia, Sondikan.
Karrantzan, ura pilatzeko erabiltzen den urmael batek gainezka egin du.
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduraduranen hitzetan, zer gertatu zen ikertzen ari dira.
ZORNOTZA: