Gizartea -
Donostia
Donostiako Udalak otsailean onartuko du etxebizitza turistikoen ordenantza
Ordenantza berria urtarrilean onartu behar zuten, baina alegazio ugari aurkeztu dira eta Udalak denbora gehiago behar du guztiak aztertzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak otsaileko osoko bilkuran onartuko du etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza berria.
Egitasmoa joan den urriaren 26ko udalbatzarrean onartu zuen EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak. Datorren urtarrilaren 25ko osoko bilkuran berretsi behar zuten araudi berria, baina otsailera arte atzeratzea erabaki dute, jaso duten alegazio kopuru handia dela eta.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, "alegazio ugari aurkeztu dira eta erabat kontrakoak, gainera". Hori dela eta, Udalaren zerbitzu juridikoek denbora eskatu dute guztiak aztertu ahal izateko.
Alegazio gehienak Aparture Euskadiko etxebizitza turistikoen elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak aurkeztu dituzte. Lehendabizikoak "liberalizazioa" eskatzen du; bigarrenak, etxebizitza turistikoak galaraztea.
Udalaren zerbitzu juridikoek txosten bat egingo dute, zein alegazio onartzen duten eta zeintzuk ez azalduz.
Hala ere, udal gobernuak izango du azken hitza, eta talde politikoek zuzenketak aurkezteko aukera izango dute.